Aldaketa nabarmena eragingo dute Txurrukenen herri sarreran egingo dituzten obrek. Soraluzeko Udalak jakinarazitakoaren arabera, helburua da espaloiaren eta galtzadaren artean dauden areka eta hormigoizko petrila eraistea, espazio horretan, zintarriaren alde banatan, parterre bat eraikitzeko.
Halaber, orain galtzadaren ezker aldean dauden aparkalekuak eskumara eramango dituzte, eta, aparkaleku berriak zeharka jarriko dituzte, baterian aparkatzeko moduan; horrekin batera, galtzadaren noranzkoa bakarra izango da. Bestalde, mendi-mazelaren aldean dagoen hormigoizko areka berreraiki egingo dute, eta eremu osoa berriz asfaltatu.
Xehetasunen arabera, obrako langileek zein udaltzainek bideratuko dute trafikoa unean uneko beharren arabera.
Lanen ardura Asfaltados y Construcciones Morga S.L. enpresari adjudikatu diote eta aurrekontua 147.567,41€ (BEZ barne) izan da. Aurreikuspenen arabera, lanak bi hilabetean bukatuko dituzte.