Santiago eta Santa Ana jaiak 2026 - Soraluze

Irati Moreno: "Neska mailan geroz eta gehiago ari dira apuntatzen zesta-puntara"

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 21a

Irati Moreno.

Atzotik, Open Jai Alai txapelketako partiduaren harira, zesta-punta ikastaroak eskaintzen dihardute Araneko frontoian. Adinka, txikietatik hasita, 16:00etatik 20:00etara launa taldek dihardute eta gaur eta bihar ere, nahi duena bertara daiteke. Irati Moreno (Villabona, 2009) da irakasleetako bat. Bera Tolosako Beotibar taldeko zesta-puntako pilotaria da. 9 urterekin hasi zen kirol horretan, eskolaren bitartez haren berri jakin ondoren. Orain dela bi urtetik, berriz, Beotibar taldearekin dabil. Gipuzkoan, Bizkaian, Euskadin zein Nafarroan konpetitzen du. Aho txikiarekin, baina aitortu du txapeldun ere badela.

Profesionala izan ez arren, beraz, zesta-puntan lehiatzen duzu?

Bai. Hasieran Gipuzkoa mailan. Aurten Markinan ere jokatu dut lagata, eta ondorioz, aurten Bizkaia mailan jolastu naiz eta bigarren mailan irabazi egin genuen.

Zein palmares gehiago duzu?

Gipuzkoako txapeldun, baina infantiletan. Eta iaz, Nafarroan irabazi nuen, nagusitan, maila absolutuan.

Zenbat lehiaketatan ibiltzen zara?

Irailetik abendura Gipuzkoan, urtarriletik udaberrira indibiduala eta Euskadikoa otsailean hasten da.

Hortaz, ya oporretan zaude; zelan joan da aurtengoa?

Euskadikoa galdu egin nuen eta Gipuzkoa mailan selekzioan hartu ninduten, Gravnia jokatzeko, federazioen arteko txapelketa, eta finala jokatu nuen Bizkaiaren kontra baina galdu egin nuen. Hori jubenil mailan.

Eta orain oporretan zaudela, zesta-punta eskolak ematen dituzu…

Bueno, aurten da lehen aldia eta Soraluze da lehen herria.

Etorri zaizu neska gutxi, ezta? Baina kirol moduan gomendatuko zenuke?

Bi bakarrik etorri dira. Normalean mutilek jokatzen dute; nik, adibidez, txikitan mutilen kontra jokatzen nuen. Baina neskendako oso kirol aproposa da. Neska mailan geroz eta neska gehiago ari dira apuntatzen. Eta ikusteko, profesionalak-eta, oso polita da.

Ezaugarri bereziren bat behar da ikasteko?

Ez. Hasieran zaila dirudi, baina nik ere ikasi dut… 4 urtetik aurrerako edozeinek ikas dezake; hemengo ikastarora, baina, 8 urtetik aurrera etor daitezke, ez baitaude haiendako zestak.

Zuri zer gustatuko litzaizuke lortu?

Mailaz igotzea bai. Lehen mailara. Baina oso maila altua dago. Helduagoak dira eta nik astean birritan bakarrik entrenatzen dut, eurek askotan egunero.

Nondik nora sortu da zesta-puntako eskolak emateko ideia?

Beotibarrek 75 urte bete dituela-eta beste elkarte batzuekin elkarlanean ari gara eskolak ematen. Zesta-punta, sasoi batean Gipuzkoa osoan erabat hedatuta zegoen, baita Soraluzen ere, eta ia galdu da denean; zesta punta berriro ere indartzeko ahaleginean ari gara.