Eguenean batzartuko dira Bergarako eta Zarauzko IAT zerbitzuan lan-gatazkan diharduten bi aldeak

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 21a

Uztailaren 13az geroztik greban dira Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Ikuskapen Teknikoko (IAT) langileak. Greba egiteaz bat, langileak protesta egiten ere ari dira egunotan, lantokiaren aurrean. Esan dutenez, oraingoz, ez dago aldaketarik lan-gatazkari dagokionez, baina etzi, eguena, batzarra dute enpresarekin Precon, eta “momentuz zain” daude. Protestarekin eskatzen dutena da “sektore berean, lan bera egiten duten langileen arteko berdintasuna eta justizia”.

Eguenean, Donostian dute hitzordua OTASUA enpresako langileen eta enpresaren ordezkariek. Bergarako IAT zerbitzuko langileen ordezkariak esandakoaren arabera, Precon elkartuko dira, Lan Harremanen Kontseiluaren zerbitzuan, lan-gatazka kolektiboak gizarte eragileen arteko adostasunaren bidez konpontzea helburu duen zerbitzuan, alegia. Hark lan-gatazkan murgilduta dauden bi aldeen arteko bitartekari lanak egingo ditu.

Bestalde, zerbitzuaren eskumena duen Eusko Jaurlaritzari dagokionez, berriz, esan dute egon direla erakundearekin berba egiten, berriro elkartuko dela aste honetan eta enpresarekin ere egon dela Jaurlaritza, baina oraingoz ez dakitela “gauza handirik”.

Joan den uztailaren 13an ekin zioten greba mugagabeari Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Ikuskapen Teknikoko (IAT) langileek, ITASUA enpresakoek. Eskatzen dutena da “sektore berean, lan bera egiten duten langileen arteko berdintasuna eta justizia”. Datutan, LAB zein ELA sindikatuetatik diote Gipuzkoako IATko beste enpresetako langileek baino “133 lanordu gehiago” egiten dutela lan urtean, eta, “2.000 eta 5.000 euro bitarteko soldata txikiagoak” dituztela. 

ELA eta LAB sindikatuek, biek salatu zuten enpresak, orain arte “benetako akordio baterako borondate eskasa erakutsi" duela; ildo horretan, salatu zuten Gasteizko hiru ordezkarirekin “eraginkortasun mugatuko akordioa” sinatu izana; eta hura baliatu izana “negoziazio kolektiboa amaitutzat emateko".

Esan zutenez, “akordio hori ez da ITASUAko langile guztien ordezkaritzarekin adostu, eta ez du gatazka honi irtenbide orokorrik ematen”. Horrexegatik eskatzen dute “langileen gehiengoaren ordezkariekin negoziatzera itzul dadila, eta benetako akordio baten aldeko urratsak eman ditzala”; bien bitartean, greban jarraituko dute.