Nondik dator M&M?
2019an elkartu ginen, jaietan, ordu batzuk betetzeko, eta jendeari gustatu egin zitzaion. Geroztik, ia urtero egin ditugu saioak, jaietan, Gaztañerren eta egun berezietan. Arrateko jaietan ere egon ginen behin, Tapia eta Leturiaren ondoren.
Zer eskainiko duzue?
Adin guztietarako giroa. Playlist-a urtero berritzen dugu; momentuko kanta onenak edo jendeari gustatzen zaizkionak aukeratzen ditugu. Musika-genero guztietako abestiak jartzen ditugu: euskal rocka, punka, popa, elektronikoa… eta beste hizkuntza batzuetako abestiak ere bai.
Entseatzen duzue?
Kar-kar. Sekula ere ez gara elkartu entseatzeko; momentuan joaten gara erabakitzen ze abesti jarri, eta jendea ere gerturatzen zaigu kantak eskatzera. Uste dugu hori dela organikoena eta politena; momentuan irteten dena gustatzen zaigu. Hori bai, materiala erosten dugu: argiztapen txikitxo bat; ke-makina; puspiloen bi pistola; behin, bokatak egin genituen diana baino lehen, gaupasazaleei emateko…
Egongo da kantu bereziren bat?
Kantu bereziren bat, norbaiti dedikatutakoa... barre eta negar artean partekatzen diren horietakoak beti daude. Aurten ere badira sorpresak.
Besterik nahi baduzue esan…
Gure saioan eta txosnagunean ez dugu inongo erasorik onartzen! Ez badakizu egoten, ez zaitez etorri!