Gaur muntatu dute jaietan Galtzagorrixek Zubi Nagusian izango duten txosna eta bihartik aurrera murgilduko dira jaietan.
Bihar, eguena, Gazteen Eguna izango da. 12:00etan txupinazoa jaurti eta laster hasiko dira karro-poteoan gazteak. Kontatu dutenez, jolas eta guzti datoz aurten. Batetik, karro-poteoan pintza-jolasa egingo dute. Laburbilduz, elkarri pintzak ipintzen ibiliko dira ezkutuan, eta, jolasa amaitzean pintza gehien dituenak “prenda” irabaziko du.
Osagarri lehiaketa
Bestetik, osagarri lehiaketa izango da. Kuadrilla bakoitzak, jaietako zapiaz aparte, bere osagarri propioa eraman beharko du (betaurrekoak, gorroak, txapelak…) eta bozketa herrikoi bitartez –Instagramen- aukeratuko da ederrena. Sari sorpresa izango du irabazleak, eta bozketa zaintzen ahaleginduko direla esan dute, tongorik ez egoteko.
Bazkariari dagokionez, eguzkia aintzat hartuta, Kalebarrenen egingo dute. 130 bat lagun elkartuko dira, 2011tik hasi eta 1997ra bitarteko gazteak. Pasta entsalada, oilaskoa eta pantxineta izango dute menu.
Hiru karten jolasa
Eta bazkaritarako beste jolas bat iragarri dute. Karta bat izango du bazkaltiar bakoitzak bere lekuan eta hiru halako izango dira bazkaritan. Hala, hiru berdin dituztenak elkartzen badira eta hirurek karta horiek txosnan erakutsi, izango dute txupito doan.
Esan dutenez, jaietako egun guztietan indarrean izango da jolas hori. “Helburua da hitz egitea normalean hitz egiten ez den jendearekin; jende berria ezagutu”, esplikatu dute.
Azkenik, bazkalostean, jolas tradizionaletan ibiliko dira: zapitxoak, aulkien jolasa… eta horrekin borobilduko dute egunekoa.
Gauari dagokionez, Polo Opuesto taldeak eztandaraziko du zubia, haiek ere sorpresekin etorrita, besteak beste, North School-eko lagunekin; eguna amaitzeko, DJ Aiakateren kontzertua izango da goizaldean.
Bihartik aurrera, berriz, egunero dut zerbait programatuta zubirako. Segidan ikusgai programazio osoa:
