Santiago eta Santa Ana jaiak 2026 - Soraluze

Zesta-punta partidak gaur Soraluzen Open Jai Alai txapelketaren barruan

Egoitz Unamuno Loidi 2026ko uztailaren 25a

Zesta-punta jokalaria, txapelketako kanporaketako partidu batean.

Gaur, Santiago Egunez, arratsaldeko 18:30ean, zesta-punta modalitateko bi partida jokatuko dituzte Araneko udal-pilotalekuan, Open Jai Alai txapelketaren barruan.  

Open Jai Alai Euskal Herri mailako txapelketa hasiberria da, eta lehen edizioko partiduak Gipuzkoako lau frontoi ertainetan jokatuko dituzte: Lazkaon, Soraluzen, Urretxun eta Tolosan. Ekimena zestaren zale eta jokalari ohiak biltzen dituen izen bereko elkarteak antolatu du, eta, jakinarazi dutenez, lehen edizio honetan ia berrogei jokalarik eman dute izena: 30 gizonezkok eta 8 emakumezkok. 

Antolatzaile taldeko Igor Igerategi donostiarrak azaldu duenez, duela gutxi egin duten ikerketaren arabera, jakin dute iraganean Gipuzkoako ia herri guztietan izan zela zesta-punta modalitateko jokalariren bat. "Zesta Gipuzkoa osoan hedatua egon zen, eta, hain zuzen, tradizio hori berreskuratzeko asmoz erabaki dugu lehen edizio hau Gipuzkoako frontoietan jokatzea, nahiz eta badiren beste lurralde batzuetako jokalariak ere". 

Txapelketako kanporaketak uztailean abiatu dituzte, eta finala, berriz, urriaren 3an jokatuko dute, Tolosako Beotibarren.   

Partidua eta formazio saioak

Uztailaren 25ean, bi kanporaketa jokatuko dituzte Soraluzen, bata emakumezkoen artekoa eta bestea gizonezkoena. Igerategik esplikatu duenez, kanporaketa bakoitza triangular bat izango da. Alegia, hiru jokalarik jokatuko dute, binaka, elkarren kontra. Beraz, kanporaketa bakoitzean hiru azpipartida izango dira eta azken partidan –bi onenen artekoan– irabazten duena sailkatuko da finalerdietarako.  

Partiduaz gain, uztailaren 20tik 22ra hiru saio praktiko eskainiko dituzte herrian, "gaztetxoek zesta ezagutu eta praktikatu dezaten". Saioak arratsaldeetan izango dira eta izen-ematea zabalik dago. 

Tradizio luzea Soraluzen

Gaur egun ahaztu samar dagoen arren, zesta modalitateak tradizio indartsua izan du Soraluzen. Ramiro Larrañagak bere monografikoan kontatzen duenez, XX. mendearen hasieran zesta modalitatea bizi-bizi zegoen herrian eta laurogeiko hamarkadara bitartean zesta-puntako jokalari ugari atera ziren herritik, atzerriko frontoirik ospetsuenetan jokatzera ailegatu zirenak; besteak beste: Alejandro Argarate, gerora Manilako Jai-Alai frontoiko intendente izan zena; eta Julian Arana Ituarte, Tigre Placentino ezizenez ezaguna eta haren jauzi ikusgarriengatik ospea lortu zuena Mexikoko eta Ameriketako Estatu Batuetako frontoietan. Beste izen handi bat Jesus Pintado Ercilla izan zen: 16 urte besterik ez zuela, 1942an, Espainiako afizionatuen txapelketa irabazi zuen, eta, horri esker, profesional moduan jokatu zuen Vigoko, Madrilgo, Valentziako, Zaragozako eta Bartzelonako pilotalekuetan. Eta ezin aipatu barik laga Eugenio eta Iñaki Muniozguren Osa anaiak. Biak izan ziren modalitate horretako izarrak. Eugeniok 14 urte besterik ez zuela debutatu zuen, Gernikan, eta, gerora, mundu osoko pilotalekuetan jokatu zuen: Bilbon, Sevillan, Chicagon, Mexikon, Kuban eta Filipinetan. Iñaki anaia ere ez zen atzean geratu, Bartzelonako, Kanariar uharteetako eta Filipinetako frontoietan jardun zuen eta. Ciriaco Echaniz ere puntista handia izan zen, eta Bartzelonako, Kairoko, Miamiko, Kubako eta Shanghaiko frontoietan jokatu zuen, besteak beste. Haiez gain, izan dira beste hainbat puntista ere: Modesto Arana, Juan Galarraga, Loiola Iraeta, Juan Luis Barturen eta Juan Antonio eta Sabin Elizburu –Santos Elizbururen bitartez jasotako izenak–.  

Bistakoa da, zesta-puntak tradizio luze eta oparoa izan du Soraluzen, eta tradizio horren jatorri nagusia erreboteko frontoi zaharrean dago; izan ere, XVIII. mendean elizaren ondoan pilotaleku bikaina eraiki zutenetik XX. mendearen hasierara arte, errebotean jokatu zuten bertan –beste zesta modalitate bat da hori–. Ignacio Pintadok gogoratzen duenez, 1950. urte inguruko Andra Mari jaietan jokatu zuten erreboteko azken partidua frontoi zaharrean. "Villabonako eta Hazparneko pilotariek jokatu zuten eta tantoak iparraldeko eran kantatu zituzten, modu zoragarrian", zehaztu du.