Soraluzeko Txurruken auzoko petril osoa bota dute eta zintarriak eraikiko dituzte egunotan

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 29a

Txurruken auzoan egiten ari diren obren baitan, egunotan, Txurrukeneko petrila bota dute eta haren hondarrak erretiratzen ari dira kamioiarekin. Asfaltos y Construcciones Morga enpresa ari da obrak egiten, eta, obra-buruak kontatu duenez, asmoa da oporretara joatea petrilaren esparrua txukun lagata eta zintarriak (bordilloak) eraikita. Aste honetan eta datorren astean egin nahi dituzte lan horiek. Soraluze sarreran dago Txurruken auzoa, eta, herriko zirkulazioa obrakoak eurak ari dira bideratzen momentuko beharren arabera.

Txurrukenen aldaketa handia ekarriko duen obra egiten ari dira asteotan. Uztailaren erdialdean hasi dira obrak eta oro har, aparkalekuak lekuz aldatu, berriak egokitu eta errepidea noranzko bakarrarekin lagako dute.

Asfaltos y Construcciones Morga enpresa ari da obrak egiten. Dagoeneko botata dute espaloiak zuen hormigoizko pretil zuria eta haren harri-hondar gehienak eraman dituzte. Gorka Artetxe obra-buruak jakinarazi duenez, euren asmoa da udako oporretara joan baino lehen esparru hori guztia txukun lagatzea.

Esplikatu duenez, petrilaren lekuan zintarriak (bordilloak) eraikiko dituzte, zehazki errepidetik espaloira bitartean 50 zentimetroko tartea hartuko duten bi zintarri, aurre-fabrikatutako hormigoizkoak. 12 zentimetro altu izango dira zintarriak eta bi zintarrien bitartea hormigoiz beteko dute. Zintarrien helburua da espaloiaren aurrean aparkatuta egongo diren ibilgailuak espaloiraino ailega daitezen galaraztea.

Zintarriez aparte, aldapan dauden aparkalekuak lekuz aldatu eta auzoko etxeen aurreko aldean kokatuko dituzte. Gainera, baterian ipiniko dituzte, orain arte zeudenak baino aparkaleku gehiago egokituz.

Lan horiez aparte, mendi-mazelaren aldean dagoen hormigoizko areka berreraiki egingo dute, eta eremu osoa berriz asfaltatuko dute. Baina horrekin guztiarekin oporren bueltan hasiko direla azaldu du obra-buruak.

Obren aurrekontua da 147.567,41€ BEZ barne.