Mendiko urak kontrolatzeko ezarri nahi duten sistemaren “bidegabekeriak” ezinegon eta desadostasun handia eragin du baserritarren artean

Ubane Madera Zangitu 2026ko uztailaren 30a

Unai Larreategi Soraluzeko alkatea eta EHNE sindikatuko ordezkariak atzo Antzokian.

Atzo, eguaztena, Herri Antzokia baserritarrez bete zen, mendiko urak neurtzeko jarri eragin nahi dizkieten kontagailuei eta urak kobratzeko ezarri nahi dieten kanonari buruzko bileran. EHNE sindikatuko ordezkariek eman zituzten azalpenak. Egoeraren “bidegabekeria” azpimarratu, eta, adierazi zuten aurre egiteko aukera ikusten dutela. Horretarako modurik onena elkarrekin jardutea dela uste dute, eta, Eusko Jaurlaritzari “presio soziala” eragitea, egoera alda dezan. Hasita daude horretarako bidea lantzen.

Atzo, Soraluzeko landa-eremuko auzo guztietako bizilagunak izan ziren mendiko urei buruzko bileran, Herri Antzokian, 70etik gora pertsona (argazkian bilera hasi berritan). Inguruko herrietatik ere bertaratu ziren beste hainbat baserritar. Bistakoa da gaiak ardura eta ezinegon handia sortu duela.

Hain justu, baserritarren informazio eskaera eta ardura hori aintzat hartuta antolatu zuen atzoko bilera Soraluzeko Udalak. Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, Gipuzkoako beste udalerri batzuetan ere EHNE sindikatua gaia lantzen ari dela ikusita, gonbidatu zituen Soraluzera. 

Kontagailua eta kanona

Testuingurua azaltzeko, jakinarazi zuten URA Agentzia gutun bidez bi eskaera egiten ari zaiela landa-eremuko bizilagunei: mendiko urak neurtzeko kontagailuak jartzea eta mendiko urengatik kanona ordaintzea.

Kontagailuei dagokienez, norberak jarri behar ditu eta norberak arduratu behar du haien mantenuaz eta funtzionamenduaz. Gainera, ezaugarri zehatzak izan behar dituzte, ezin da edozein kontagailu jarri.

Kanonari dagokionez, berriz, urtean behin kontagailuaren irakurketa egingo dute eta metro kubikoko 3 zentimoko kanona kobratuko diete erabiltzaileei. Gainera, eskaiizunak bete ezean, isunak izango direla ere ohartarazi dute gutunetan. 2021ean hasi ziren gutun horiek bidaltzen, baina, 2025ean eta 2026an areagotu egin dute bidalketa. 

Atzoko bileran EHNE sindikatuko koordinatzaile Naroa Irure eta Garikoitz Nazabal presidenteak jardun zuten azalpenak ematen.

Esplikatu zutenez hilabeteak daramatzate sindikatuan gaia aztertzen eta lantzen, abokatuekin eta adituekin. Erakundeekin egon direla ere jakinarazi zuten, adibidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin, eta, esan zuten herriz herri ere badihardutela lanketa egiten. Egon dira, besteak beste, Errezilen, Oiartzunen, Elgetan, Eskoriatzan, Azpeitian…

Baserritarrek zaindu dituzte beti urak

Sindikatuko ordezkariek egoeraren “bidegabekeria” mahaigaineratu zuten, mendiko uren erabileraren jatorrira joz. Gogorarazi zuten mendiko urak landa-eremuko bizilagunek zaindu eta mantendu izan dituztela beti; “belaunaldiz belaunaldi egin dute lan hori, eta inork ez die ez lagundu, eta ezta ordaindu ere”. Beraz, guztiz bidegabea iruditzen zaie orain mendiko urak neurtzeko ezarri nahi duten sistemaren ardura euren gain hartu beharra eta gainera ur horiengatik kanona ordaindu beharra.

Soraluzeren eta beste hainbat udalerriren kasuan, gainera, landa-eremuko bizilagunek ez dute kaleko ur zerbitzurik eta mendiko urak dituzte iturri bakar.

Sistema Jaurlaritzak erabaki du

Sindikatuko ordezkariek esplikatu zuten urak neurtu nahi hori Europar Batasunak egindako eskaera batetik datorrela. Europar Batasunak, lege bitartez, nahi du jakitea Europa osoan zenbat ur dagoen, zenbat kontsumitzen den eta zenbat dagoen “soberan” edo zenbat ez den erabiltzen; Europako urak kontrolatu nahi ditu, alegia.

Euskal Autonomia Erkidegora etorrita, lege hori betetzeko, Eusko Jaurlaritzak, 2017an, agindu bat eman zuen. Haren bitartez, jakinarazi zuen mendiko urak neurtzeko erabiliko den sistema izan behar dela kontagailuarena eta kanonarena, eta, halaxe dihardu jakinarazten landa-eremuko bizilagunei URA Agentziaren bitartez, esanaz sistema hori aplikatu beharra daukatela.

Baina, atzo espikatu zutenez, Europar Batasunak ez du zehazten zelan bideratu behar den uren kontrola, hau da, ez du zehazten zein sistema erabili behar den urak kontrolatzeko. Hori tokian tokiko erakundeek egin behar dute. Eta EAEko sistema Eusko Jaurlaritzak erabaki du.

Gipuzkoarako salbuespena nahi

Atzoko bileran salatu zutenez, Jaurlaritzak eskatzen duen kontagailu horietako bat jartzeak 500-900 euro bitarteko kostua dauka, kontagailuek ez dute beti funtzionatzen, adibidez, ur emaria txikia denean edo erauntsia handia denean, eta gainera, matxuratzen edo ondo funtzionatzen ez duten kasuetan baserritarren ardura da berria ipintzea edo konpontzea, eta oro har, mantenu osoa.

Ostera, sindikatuak uste du uren neurketa Jaurlaritzaren betebeharra izanda, sistema bera ere Jaurlaritzak hartu beharko lukeela bere gain, kaleko ur zerbitzuarekin egiten duen moduan. Eta, edozein kasutan, hori ez dela landa-eremuko bizilagunen kontura egin behar.

Jaurlaritzaren agindua aldatzeko aukera

EHNE sindikatuko ordezkariek esan zutenez, egoeraren injustiziaren aurrean, Eusko Jaurlaritzak 2017ko agindua aldatzeko bidea lantzen dihardute, aginduaren 7. artikulua baliatuta.

7. artikulu horren arabera, URA Agentziak urak neurtzeko sistema alternatiboa baimen dezake, baldin eta horretarako arrazoiak ondo justifikatuta badaude. Eta EHNE sindikatuko ordezkariek uste dute nahikoa arrazoi badaudela –egoeraren bidegabekeria, proportzionaltasun printzipioaren urraketa, kontagailuen funtzionamendu txarra…- Gipuzkoa salbuespen modura izendatu eta lurralde osorako sistema alternatiboa onartzeko.

Esan zutenez, adituek arrazoitutako txosten teknikoa lantzen dihardute Gipuzkoarako salbuespen eskaera aurkezteko; Gipuzkoako Foru Aldundiari laguntza eskatu diote txostena osatzeko, erakundeak aditu eta baliabide gehiago dituelako. Eta hori guztia bultzatzeko elkarrekin jarduteko beharra eta Eusko Jaurlaritzari presio soziala egiteko premia azpimarratu zuten. Sindikatuko ordezkariek uste dute gaia maila politikora eroan behar dela, Jaurlaritzaren agindua aldatzeko nahikoa baita bakarrik politikarien borondatea.

Elkarrekin mugitu beharra

Horretarako,  hainbat bide ikusten dituzte baleko: mozioak aurkeztea, sinadurak batzea, manifestazioak egitea… Eta hori guztia elkarrekin egiteko, besteak beste, Koordinazio Taldea sortu dute. Hala, soraluzetarrak ere gonbidatu dituzte bertan parte hartzera, irailetik aurrera elkarrekin mobilizazioak bultzatzeko. Norbaitek parte hartu nahi izanez gero deitu dezake 688 83 92 57 / 943 65 42 81 telefonoetara edo idatzi naroa@ehnelur.net helbidera.

Atzoko bileraren amaieran Unai Larreategi alkateak prestutasuna erakutsi zuen landa-eremuko bizilagunei laguntzeko, nahiz eta zehaztu zuen gai honetan Udalak ez duela eskumenik.

Bestalde, zenbait baserritarrek ere hartu zuten hitza. Ezartzen diharduten sistema bidegabea dela salatu zuten eta zenbait baserritarrek jakinarazi zuten dagoeneko kontagailua jarrita dutela hala exijitu dietelako bizigarritasun-zedula emateko, ur-kontzesioa berritzeko, edota obra berriak egiteko.

Azkenik, EHNE sindikatuko ordezkariei eskerrona erakutsiz bukatu zuten batzarra.