Mikel Ostolaza: “Karidadeko saldaren magia kobrezko pertzetan dago”

Ubane Madera Zangitu

Bihar ospatuko diren San Martzialgo jaietako tradiziozko ikur nagusia Karidadeko saldaren banaketa da. 1995era arte, Eli Lakuesta eta Jose Mari Larrañaga Txistu ibili ziren hura egiten. Azken urteotan, berriz, Mikel Ostolaza, Ximun Larrañaga eta Ibai Kortabarria ari dira zeregin horretan. Mikel Ostolazak kontatu duenez, aurten ere beteko dute tradizioa, laguntzaile berriekin indartuta, gainera.

Zerk egiten du berezi Karidadeko salda?

Antzinatik gordetako kobrezko 2 pertza erabiltzen ditugu. Kondimentu aldetik, betiko porruak, garbantzuak, azenarioak, haragia… ditu saldak. Magia, baina, kobrezko pertzek dauzkate, berez propietate anti-mikrobiotikoak dituzte, bakterio eta mikroorganismoen ezabatzailea.

Nondik dator tradizioa?

San Martzialgo jaiak Zeledon eta Emeteri martirien inguruko ospakizuna da non karidadeko eskaintza dagoen. Salda eta ogi banaketa egiten da antzinatik. Bada Euskal Herrian hainbat leku festa hori egiten dena, Osintxun, adibidez.

Aurten laguntzaile berriak izango dituzue salda prestatzeko.

Bai. Ibiliko gara beti bezala, Ximun Larrañaga, bere aita Txisturen errelebo moduan, Ibai Kortabarria, ezinbesteko laguntzaile eta neu, Mikel Ostolaza, Eli Lakuestaren errelebo lanetan. Eta bi laguntzaile txiki edukiko ditugu, Iraia eta Aetz. Aurten, 31 urte beteko dira errelebo lanetan hasi ginela.

Zenbat litro prestatuko dituzue?

50 litro salda inguru aterako dira. Bizi guztian, aurreko gauean ekiten genion lanari (gaueko 00:00etan). Baina, gaur egun goizeko 05:00etan hasten gara, egunean zehar freskoago egon nahian.

Iaz zaindari berria aurkeztu zenuten, Zelemeterio. Aurten ere izango da bera jaietan, ezta?

Bai. Soraluzen San Martzial izenarekin ezagutu izan da beti ingurua. Berez, XV. mende aurrerik San Martzialen omenezko ermita zen bertan dagoena. Gero, 1540. Urte ingurutik aurrera, Soraluze Calahorrako elizbarrutiaren menpe sartu eta Zeledonio eta Emeterio jarri zituzten bertan. Jai giroan sartuta, eta gaur egungo ikuspegitik, Zeledonio eta Emeterio baturik, pertsonaia berria daukagu, Zelemeterio, non jaien txupinazoa jaurti eta hasiera ematen diona.