Soraluzeko Udalak argitaratutako xehetasunen arabera, gaurtik, erdigunea 15:00etan zirkulaziora ixten denean, “oinezkoen gunean bizi diren bizilagunak oinezkoentzako egokitutako ordutegi barruan eremu horretatik igaro behar badira, Udaltzaingora gerturatu beharko dira baimena eskatzera eta bertan aztertuko da eskaera kasuz kasu. Dena den, bizilagunek ez dute oinezkoen ordutegi barruan bertatik ibilgailuarekin pasatzeko baimenik izango bizilagun izate hutsagatik”.
15:00etan itxi eta goizaldeko bostak arte izango da erdigunea ibilgailuendako itxita, baimenduendako izan ezik. Zapatuan, 12:00etan itxiko dute eta domeketan eta jai-egunetan, egun osoan egongo da zirkulaziora itxita.
Piboteen partez
Zirkulazio sistema berria erdigunean zeuden pibote hidraulikoak aldatzeko asmoarekin ezarri dute. Haiek arazo ugari ematen zituzten eta azken urteotan, piboteak matxuratuta egon dira eta haien partez, lehenengo konoak eta gero hesiak egon dira ipinita erdiguneko zenbait puntutan jarrita autoen pasoa galarazteko.
22.233,12 euroko inbertsioa egin dute sistema berrian eta haren berri ematen duen seinalizazio bertikalean.
Erregetxetik behera autoen pasoa galarazteari buruz, berriz, Udalak esplikatu du neurri hori ezarri duela “kaleko segurtasuna” bermatzeko helburuarekin.