472 ikaslek hasi dute ikasturtea Soraluzen

Ubane Madera Zangitu

Gaur, irailak 7, hasi dute 2026-2027 ikasturtea Soraluzeko ikastetxeetan. Guztira, 472 ikasle hasi dira, Plaentxi Eskolan 302 eta Soraluze BHI Institutuan 170 ikasle. Aurkezpenak eginda, Institutuan bihartik aurrera ohiko ordutegia izango dute, Plaentxi Eskolan, berriz, irailaren 28ra arte goizez bakarrik izango dira eskolan.

Negar malko batzuk ikusi badira ere, gutxi izan dira halako tristurarekin eskolara bueltatu direnak gaur. Gehienak gogotsu zeuden, batik bat lagunak ikustearren, eta, horrenbeste egunez ikusteke egon ondoren, besarkadak izan dira elkarren artean nagusi. Dena den, hainbatek aitortu dute pereza apur bat ere badutela, batik bat goizago jakitzeko eta eguneroko erritmoa berreskuratzeko nagiz zeudela.

Kontuak kontu, bukatu zaizkie oporrak eta 10:00etarako joan dira Plaentxi Eskolara bertan ibiliko diren 302 ikasleak, horietatik, 10 dira etorri berriak, momentuz. 302 ikasleekin 39 ikaslek jardungo dute; irakasle gehienak dira Soraluzeko eskolako irakasle finkoak, bakarrik sei dira berriak eta horrek “egonkortasuna” ematen dio ikastetxeari, Eider Varela zuzendariak esan duen moduan.

Plaentxi Eskolan, irailaren 28ra arte goizez jardungo dute, 13:00ak arte, jantokian 15:00ak arte. Eta irailaren 28tik aurrera hasiko dira goiz eta arratsaldeko ordutegiarekin.

Institutuan bihartik normal

Soraluze BHI Institutuan, berriz, sarrera mailakatua izan dute gaur, aurkezpen egunean. 10:00etan sartu dira 1. eta 2. DBHkoak. 3. eta 4. DBHkoak eta Dibertsifikaziokoak, berriz, 11:00etan sartu dira. Institutuan 170 ikasle ibiliko dira aurten, iaz baino 10 bat gutxiago, eta haiekin 33 irakaslek jardungo dute.

Institutuaren kasuan, irakasleen %50a da bakarrik finkoa, beste erdia berria da. Eneritz Muguruza zuzendariak esplikatu duenez, Institutuan dauden zenbait ikasgai ez ditu behin betiko kontsideratzen Hezkuntza Sailakl, eta, horren ondorioz, ez du haietarako plaza finkorik deitzen. Horrexegatik dago aldakortasun handiagoa irakasleengan.

Institutuko egutegiari dagokionez, berriz, bihartik aurrera ja ohiko ordutegiarekin hasiko dira, 08:15etik 14:15ak arte, eta arratsaldez Hezi + programa izango dute, orain arteko Hedatzen-en lekua hartuko duena.