Gaur goizean, joan-etorri handia izan da Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Oporrak bukatuta, gaur zabaldu du bulegoa elkarteko zuzendaritza batzordeak, eta ez dute ezertarako astirik ere izan.
Kontatu dutenez, irailaren 20tik 22ra Leonera joateko autobus bat bete dute, eta hain justu, bidaia ordainduta dutenak gaur joan dira autobuseko jarlekuaren zenbakiak hartzera.

Halaber, irailaren 15era bitarteko podologoaren txandak eman dituzte gaur eta horretara ere jende asko joan da, txanda guztiak bete baitira. Esan dutenez, datorren eguenean hasiko dira urrirako txandak ematen. Podologoa hilaren 13an eta 20an bertaratuko da.
Informazio kanal berria
Horrez aparte, besteak beste, jakinarazi dute “jardueren, ekitaldien eta oharren berri bazkide guztiei modu erraz eta azkarrean helarazteko asmoz, WhatsApp bidezko informazio-kanal bat” sortu dutela, bazkide askok esan ondoren ez dutela garaiz jasotzen antolatutako jardueren berri.
Azalpenen arabera, “taldean geratu nahi ez duten pertsonak taldetik "irten" ahal izango dira inolako oztoporik gabe. Era berean, komunikazioa jaso ez duten eta taldean egon nahi duten pertsonek Batzordeari jakinarazi behar diote, bertan sar daitezen”.
Edozein modutan, gaineratu dute kanal berri horrek ez dituela ordezkatzen “jarduerak eta ekitaldiak iragartzeko ohiko kartelak” eta horiek jartzen jarraituko dutela.