Giro onean joan dira San Martzialgo jaiak

Egoitz Unamuno Loidi

Zapatuan egin zituzten jaiak San Martzial auzoan eta eguraldi ona lagun, giro ederrean burutu zituzten aurreikusitako ekitaldi guztiak. 

Goizean goiz karidadeko salda eskainiz hasi zituzten jaiak San Martzialen. Eguerdian, ermitaren eta bertako santuen historia ezagutarazteko ekitaldi laburra egin zuten ermitan bertan eta ostean, dantza saioa herriko eta bailarako musikari taldeak lagunduta. Bitartean, zortzi bikotek paellak prestatu zituzten. 

Arratsaldeko ordubi terdietan, paella lehiaketaren emaitza eman zuten: Jorge de Castro eta Andoni Calles izan ziren garaile. Ondoren, elkarrekin jan zituzten paellak, aurten ermitaren inguruan egokitu zuten jantokian. Bazkal ostean, mus txapelketa eta txapel jaurtiketa egin zituzten. Musean, Urko Trebiño eta Ibon Goenaga izan ziren garaile, finalean Iosune Casares eta Mikel Alberdi garaitu ostean. Txapel jaurtiketan, berriz, gaztetxoetan Aetz Lasak jantzi zuen txapela eta nagusietan, berriz, Simun Larrañagak.