Datorren martitzenetik, irailaren 15etik, gimnasioko makinak erabiltzeko zein bestelako laguntza espezifikoren bat behar dutenentzako Fitness aholkularia izango da Araneko kiroldegiko gimnasioan edo Fitness gelan, kiroldegiko abonatuei zuzenduta.
Hain zuzen ere, norbere “hasierako egoera fisikoa kontuan izanda, honi egokitutako errutina bat prestatzen lagunduko” du, “zalantza orokorrak” argitzen, “lehen urratsak” ematen lagunduko du, eta “errutina berritzen edo hobetzen” ere bai. Halaber, “bilakaeraren jarraipena” ere egingo du eta “helburuak lortzeko bultzada” emango du, “lehentasuna” izanik “lesioak prebenitzea eta ariketak modu osasuntsuan egitea”.
Astean hirutan
Araneko kiroldegian urte luzez begirale den Leire Lasa teknikariak eskainiko du zerbitzu hori. Beste urte batzuetan ere egin du, baina oraingoan, abendura bitartean, egonkortasun eta maiztasun handiagoarekin eskainiko dute zerbitzu hori, eskaintza goizez zein arratsaldez bermatuz.
Hala, astean hirutan izango da Lasa aditua, astelehenetik eguaztenera. Astelehenetan eta eguaztenetan 17:30etik 20:30ak arte eta martitzenetan 09:30etik 11:30ak arte. 16 urtetik gorako edozein bazkidek eska dezake haren laguntza eta momentuan bertan eska dezake, aldez aurretik izena eman barik. Izan ere, teknikaria bertan izango da, exekuzio egokia erakusteko eta edozein galdera erantzuteko.
Zapatuetan tailer/jarduerak
Laguntza zerbitzuarekin batera, urrian hasita, hilean zapatu batean jarduera bereziak eta tailerrak egingo ditu Leire Lasak gimansioan bertan. Horiek ere bazkideei zuzendutakoak izango dira. Esan dutenez, aldez aurretik emango dute zein jarduera landuko duten eta kasu honetan bai, kasu honetan aldez aurretik izena eman beharra izango da.