“Kantatzea nahi duten guztientzat” irekitako tailerra antolatu du Ezoziko Ama Abesbatzak zapaturako, Batu kantura!. Esplikatu dutenez, “kantu eta gorputz espresioa lantzeko” tailerra izango da, abesbatzako zuzendari Victor Galvanek menperatzen dituen bi alderdi baitira horiek, eta, Galvan izango da tailerraren gidaria.
"Zerbait sinplea eta erakargarria"
Parte hartzeko ez dago zertan inoiz kantatu behar izan. Tailerrarekin, “kanturako edo abesbatzarako dauden aurreiritziak edo beldur horiek apurtu” nahi dituzte, “jendea kantura animatzea”; horrekin batera, “abesbatza bezala jendea gerturatzea” ere behar dute eta guztia kontuan hartuta, nahi izan dute planteatu “zerbait sinplea eta erakargarria, lotsa horiek apur bat albo batera lagatzeko”.
Azpimarratu dute adin guztietako jendeari dagoela zabalik, “interesgarria” iruditzen zaielako “adin desberdinetako jendea gerturatzea”. Azken batean, tailerraren helburu orokorra da “jendea erakartzea, kantuari beldur edo aurreiritziak kentzea eta gorputz espresioko teknika batzuk lantzea”.
Izena emateko formularioa
Hitzordua Tolarekua aretoan izango da, 11:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 18:30era. Abesbatzatik esplikatu dute goizeko saioak arratsaldean jarraipena izango duen arren, aukera dagoela bi saioetako batean parte hartzeko bakarrik.
Izen-emateari dagokionez, oraindik zabalik dago, honako formularioa betetzea nahikoa da. Esplikatu dute tailerra doakoa dela eta izen-ematea zabaldu dutela “aurreikusteko zenbat jende egongo den, besterik ez”. Dena den, esan dute egunean bertan gerturatuta ere posible izango dela kantu tailerrean parte hartzea. “Espero harrera ona izatea; interesgarria litzateke herriko jendeaz gainera, Debabarrenekoak ere arrimatzea”.