Datorren astean Baltegietako obrak bukatu eta sikatzen lagako dute kalea

Ubane Madera Zangitu

Baltegieta kaleko galtzada-harriak konpontzeko lanen baitan, azken tramuan ari dira lanean egunotan. Aurreikuspena da lanak datorren astean bukatuko dituztela, baina gero, kalea sikatzen laga behar da hainbat egunez. Beraz, datorren astean oraindik itxita segituko du inguruak.

Datozen egunotan, oraindik itxita segituko du SAPA eta Baltegieta 22 bitarteko errepide zatiak, bertako galtzada-harriak birjartzeko lanak datorren astean bukatuko baititu Echaide enpresak. Emandako xehetasunen arabera, konponketa-lanak datorren astean bukatu arren, gero, ondo sikatu behar da guztia, eta ondorioz, beste hainbat egunez itxita segituko du kaleak.

Orain egiten ari diren konponketa-lanak abuztuaren erdialde inguruan hasi zituzten. Baltegietako garajeen zatitik hasi ziren konpontzen, garajedunei pasoa ahalik eta lasterren emateko. Gero, SAPAren ondoko errepide-zatian hasi ziren lanean eta kale zati horren azken tramuan ari dira egunotan. SAPAren zaharberritutako pabiloia, berriz, aparkaleku bilakatu dute behin-behinerako.

Obran akatsak

Joan den martxoan bukatu zituzten Baltegietan galtzada-harriak birjartzeko obrak, baina kalea zabaldu eta gutxira bistaratu ziren hainbat akats, zenbait galtzada-harri kili-kolo eta kasu batzuetan zuloak ere azaldu ziren. Hala, Soraluzeko Udalak uztailean jakinarazi zuen “behar bezala geratu ez zen eremuan galtzada-harriak jaso eta berriz morteroarekin jarriko” dituztela Echaide enpresako langileek abuztuan.