Asier Heriz eta Iñaki Saez istripuz hil zirenean Saezekin batera zinegotzi zen Regina Maiztegik hartu du lehen hitza gaurko ekitaldian, Ibon Muñoaren poema bat irakurriz. Segidan, bi gazteen heriotza eta hark eragin zuen samina ekarri dute gogora Larraitz Lakuestak eta Suar Aizpuruk.
Ondoren, Agurra dantzatu dute gazteek; Eneko Beretxinagak, berriz, bertsoz gogoratu du Asier Herizen eta Iñaki Saezen izaera, eta, Jone Alberdik eta Mikel Ostolazak, berriz, gertatutakoa inoiz ez ahazteko eta memoriaren garrantzia azpimarratu dute, esanez, gazteei egindako transmisioaren bitartez, beti izango direla oroituak. Horren irudi, gazte talde batek lore eskaintza egin die bi gazteen erretratuei, Iñaki Saezek, grabatu zuen kantu bat entzuten zen bitartean.
36 preso eta 16 senide hil
Espetxe alorrean izandako “giza eskubideen urraketak” salatu ditu, berriz, Egiari Zor fundazioko Pilar Garaialdek. “Salbuespeneko espetxe sistema oinarrizko giza eskubideak errespetatzen ez duen sistema” izan dela esan du, “osasunerako eskubidea, torturarik edo tratu ankerrik ez jasateko eskubideak urratu dituen” salbuespen sistema.
Halaber, urrunketa “gizagabekoa” izan dela azpimarratu eta gogora ekarri du “demokrazia deritzon garai honetan”, 36 euskal preso politikok eta 16 senidek galdu dutela bizitza, “sistemakiko aplikatu diren salbuespen neurrien ondoriozko egoera desberdinetan” eta beste bik bere buruaz beste egin zutela espetxeratzea saihestu nahian.
“Heriotza horiek ekidin zitezkeen”, esan du Garaialdek: “Urruntzea bezalako helburu politikoa zuten neurria ezartzeak ez zuten justifikaziorik izan inoiz, eta, are gutxiago neurri horiek espetxe jurisdikziotik kanpoko pertsonei zuzenean eragiten baziete, senideak eta lagunak kasu. Beraz, ez gara etsiko. Euskal aitortzarako legea zaharberritzea eta eskaera berriak izapidetzeko epe berri bat ezartzea beharrezkoa da (…)”. Presoen eta haien familien aurka zeharka eragindako bortxa adierazpenek ere lekua izan dezaten”.
"Memoria eta aitortza eskubideak"
Horrekin batera, Garaialdek adierazi du urrunketak “senide eta lagunei kondena ekarri eta espetxeratutakoei zigor bikoitza” ekarri ziela, eta, memoria eta aitortua izateko eskubideak aldarrikatu ditu, “gizarte anitz batean bizikidetza demokratikoa garatzeko beharrezko ariketa gisa ulertuta”, esanez, eskubide horiek ezin direla inola ere “egokitu herri honen historia kolektibo zati batzuk ahazten dituen arau batzuetara (…) Horregatik diogu aipatu ditugun memoria eta aitortza izateko eskubidea bermatuko dituen lege erreforma behar dela, salbuespenezko espetxe politikaren ondorio tragikoak ofizialki aitortuko dituena”.
Ekitaldia amaitu aurretik, bi gazteen senideei lore sorta bana eman diete. Azkenik, memoriari buruzko Josu Garitaonaindiaren poema batekin itxi dute ekitaldia.