Gaur, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzeko komunikatuan, salaketak eta aldarrikapenak uztartu dituzte.
Gutxi batzuek gerrekin aberasten
Salaketei dagokienez, esan dute soldatek eta pentsioek erosteko ahalmena galdu eta pentsiodunek “urtarrilean baino eroteko ahalmen” txikiagoa dutela irailean. Esan dute gero eta pentsiodun gehiago ezin direla hilabete amaierara iritsi, eta oro har, berretsi dute “pentsioak, soldatak eta zerbitzu publikoak murriztearen aurka” daudela “gutxi batzuek gerrekin aberasten jarrai dezaten, lehengaiekin eta prezioekin espekulatuz eta mozkinen errekor historikoak hautsiz”.
Egoera horren aurrean, “ezinbesteko” ikusten dute “Gutxieneko Pentsioa berehala parekatzea Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin”. Bide horretan, Espainiako Gobernuari eskatu diote hori ahalbidetuko duen Errege Dekretua alda dezala; Pradales lehendakariari eta Torres lehendakariordeari eskatu diote ildo beretik erantzun bat emateko eskaera horri, eta, iragarri dute eguenean Legebiltzarrera eramango dutela berriro ere eskari berori, “Herri Ekimen Legehgileari betoa jarri ondoren”.
Madrilen eta Gasteizen
Horrekin batera, bi “erronka” iragarri dituzte udazkenerako. Batetik, urriaren 24an Madrilen egingo den manifestazioan izango dira. Han, honako aldarrikapenak egingo dituzte: gutxieneko pentsioen eta soldaten parekidetasuna, genero arrakala ezabatzea, 40 urte edo hortik gorako kotizazioak diotuztenei koefiziente murriztaileak indargabetzea eta Gizarte Segurantzaren kontuen auditoritza, besteak beste.
Azaroaren 3an, berriz, pentsiodunen topaketa egin nahi dute Gasteizen, “lorpenak partekatzeko, ekimen berriak proposatzeko eta helburuak lortu arte aurrera jarraitzeko borondatea berresteko”.