Teila kendu ondoren libratuko dute Errebaleko espaloia, Zeletako igogailua, berriz, konpontzeko zain dago

Ubane Madera Zangitu

Espaloiko pasoa hesiz itxita.

Badira bi aste inguru Errebal kalean, espaloi zati batean pasoa itxita dagoela. Segurtasun neurriengatik da. Udaltzaingoak esplikatu duenez, teila bat jausteko arriskuan dago. Konpondu bezain laster kenduko dute pasoa ixten duen hesia, eta, kontrakorik ez bada, aste honetan konponduko dute. Bestalde, Zeletako igogailua, eskolara doana, ezin da erabili joan den astetik. Kasu horretan, argindar matxura bat dago eta hura konpondu arte ezingo da erabili.

Errebaleko kontuari dagokionez, teila bat mugituta dago, eta, jausteko arriskua duenez, Udaltzaingoak espaloi zati hori ixtea erabaki zuen, herritarren segurtasuna bermatzeko.

Horren ondorioz, herritarrek errepidera atera behar dute aurrera segitzeko, eta bat baino gehiago kexatu da egoerarengatik; orain gehiago, zirkulazioa handitu egin baita kale horretan, orain ezin denez Erregetxetik behera etorri, Oleatik bideratzen delako zirkulazioa.

Edozein modutan, eta ezustekorik ez bada, gaur-biharretan kenduko dute jausteko arriskuan dagoen teila eta hori egin bezain pronto libratuko da pasoa.

Bestalde, Zeletan, eskolara doan igogailua ezin da erabili joan den eguaztenaz geroztik. Argindar arazoren bat dauka, eta hori konpondu artean, ezin izango da igogailua erabili. Oraingoz, ez dute konponketa daten berririk eman.