“Plan bikaina” antolatu dute Mesedeetako jaietako herri-bazkariaren bueltan

Ubane Madera Zangitu

Mesedeetako Jai Batzordeak “egun borobila” iragarri du zapaturako ere. “Plan bikaina” antolatu dute herri-bazkariaren inguruan. Hasteko, menua indartu, eta, bazkariak hiru plater gozo eta kafea izango ditu. Hura baino lehen eta ondoren, umeendako eskaintza oparoa izango da: puzgarriak, jolasak Kukumixorekin eta merendola. Eta txapelketak ere aukeran, gustu guztietarakoak: toka, tutea, hiruko futbitoa, zezen mekanikoa eta futbolina. Eguraldi bikaina iragarrita, “gurean denak dira ongietorriak” diote barrixotik.

Txartelak salgai daude Errekalde auzoan zapatuan egingo den herri-bazkarirako. Eros daitezke Iratxo goxo-dendan zein Asigorren. Aurten, menu bereziarekin dator bazkaria: helduentzat paella, okela-bolak, pantxineta eta kafea –17 euro–; eta umeentzat, makarroiak, okela-bolak eta jogurta –12 euro–.

Mesedeetako Jai Batzordetik bazkarira joateko gonbidapena egin diete herritar guztiei, barrixokoei, zein kale-kalekoei: “Kale-kaleko jende asko etortzen da, familia errepikatzaile asko daude. Gurean denak dira ongietorriak”, esan dute.

Puzgarriak, jolasak, futbitoa…

Menu gozoaz aparte, bazkaria borobiltzeko eta familia-giroan ere pasatzeko, umeei begira, zapatura aldatu dituzte orain arte domekan egoten ziren puzgarriak; 11:00etan jarriko dira martxan. Bazkalostean, berriz, umeek Kukumixoren hezitzaileak izango dituzte jolaserako lagun, merendola eta guzti. Eta 17:00etan, 3X3 futbito txapelketa izango dute aukeran; azken hori 2014-2015 eta 2016-2017 urtekoei zuzendutako txapelketa da.

Toka, tutea eta futbolina 

Helduagoendako, berriz, eguerdian toka txapelketa izango da, eta bazkalostean, karta-jokoetan, tute txapelketa jokatuko dute eta baita futbolin txapelketa ere. Kasu horietan, parte hartzeko 10 euro ordaindu behar da bikoteko. Sariak honakoak izango dira:

  • 1- Birendako bazkaria Edurtzan.
  • 2- 60 eurotan baloratutako otarra.
  • 3- 40 eurotan baloratutako otarra.
  • 4- Txosnan bi trago.

Iluntzea borobiltzeko, zezen-mekanikoan ibiltzeko aukera ere izango da.