Hegoaldeko sarrerako zirkulazioa itxita asfalto-lanengatik Soraluzen

Ubane Madera Zangitu

Gaur, eguena, langile eta makina despliege handia dago goizean goizetik Txurrukenen. Buru-belarri ari dira  herri sarrerako errepide zatia asfaltatzeko lanak egiten, gaur hasi eta gaur bukatu nahi baitute hori. Txurrukenen egiten ari diren obren baitan, gaurkoa izango da “egunik potenteena”, obraburuak berak esan duenez. Lanen eraginez, herriko hegoaldeko sarrera itxita dago zirkulazioarendako, bakarrik autobusak sar daitezke.

Gaur, 08:00ak geroztik, hesiz eta konoz dago galarazita herrirako sarrera Soraluzeko hegoaldetik. Bakarrik autobusak sar daitezke. Txurrukeneko errepidea asfaltatzeko lanak egiten ari da Firmes Alaveses enpresa, eta, aurreikuspena da 18:00ak arte ibiliko direla lan horiek egiten, beraz, ordura arte itxita izango da bidea.

Txurrukeneko obrak egiten ari den Asfaltos y Construcciones Morga enpresako obra-buru Gorka Artetxek esandakoaren arabera, “gaurkoa izango da egunik potenteena” auzo hartan egiten ari diren obra osoaren barruan. “Behin gaurkoa eginda, erremate txikiak faltako dira”, gaineratu du.

Pasabidea, seinaletika eta beste

Xehetasunen arabera, gaurko asfalto-lanen ondoren, bazterreko baldosak jartzea eta kale-espaloiaren erdi inguruan pertsonentzako beste pasabide bat egokitzea faltako litzateke. Datorren astean, berriz, seinaletikaren txanda izango da. “Hurrengo astean beste enpresa bat ekarriko dugu seinaletika jartzeko eta errepidea margotzeko, eta azkenik, kale-altzaritegia faltako litzateke, jardinerak eta pilonak”, esplikatu du obra-buruak.