Plaentxi Eskolaren bitartez, jakinarazi dute zabalik dagoela Eskola Kirolean izena emateko bigarren epealdia. Oraingo hau irailaren 25era artekoa izango da, eta, Plaentxi Eskolaren bitartez edo honako formularioa beteta eman daiteke izena. Eskola Kirolaren saioak urriaren 5ean hasiko dira.
Aurten, kuota merkeagoa izango du ekimenak. LH1-2koendako urte osoko kuota 30 euro da eta LH3, 4, 5 eta 6koendako, berriz, 60 euro –bekak dituztenentzat, doan–.
Bestalde, begirale kopurua handitu egingo dute, partaideen ratioa txikitzeko; hala, helburua da 15-16 ikasleko begirale bat izatea.
Eta horrekin guztiarekin batera, Anje Eskarzak, Soraluzeko Eskola Kirolaren arduradunak jakinarazi du aurten, asteroko kirol saioez aparte, jarduera berriak egingo dituztela; batetik, atletismoarekin lotutako bi topaketa, bata Eibarren –azaroan– eta bestea Soraluzen –apirilean–. Eta bestetik, martxoan egingo den Gipuzkoako Eskola Kirolaren Egunean parte hartuko dute.
Herriko kirolak lehentasun
Eskarzak jakinarazi duenez, dagoeneko 70 umek eman du izena Eskola Kirolean, ekaineko izen-ematean. Orain, berriz, bigarren izen-emate honetan helburua da Soraluzen guztira 90-95 bat batzea.
Eskola Kiroleko partaideek, astean bi kirol saio izaten dituzte, adinka banatuta. Soraluzen, herrian bertan badauden kirolak praktikatzen dituzte lehentasunez: pilota, futbola, errugbia eta irristaketa; eta horiekin batera, tradizionalek ere izaten dute lekua: eskubaloia, saskibaloia, padela, eskalada…
Antolatzaileek umeak parte hartzera animatzen dituzte, jarduera fisikoa egin, askotariko kirolak probatu eta lagun artean jolasean ibiltzeko aukera aparta baita eskola kirola. Azpimarra jarri dute 5. eta 6. mailako nesketan, esan dutenez, azkenaldian jaitsi egin da adin horretako nesken partaidetza.