Lurdes Txurruka Madinabeitia Soraluzeko preso ohia hil da

Ubane Madera Zangitu

Lurdes Txurruka (erdian), 2015ean, espetxetik atera berritan. Argazkia: Plaentxia.eus.

Gaur, irailak 21, Lurdes Txurruka Madinabeitia hil da, Soraluzeko preso ohia, gaixotasun luze baten ondoren. Lurdes Txurrukak 21 urte eman zituen preso ETAko kide izatea leporatuta, besteak beste. 2015ean laga zuten libre, preso zegoen Huelvako kartzelatik. Senideek jakinarazi dute bihar, martitzena, egingo diotela azken agurra Elgoibarko Mugica tanatorioan, 11:00etatik 14:00etara. Ondoren, gorpua erraustu egingo dute.

Lurdes Txurruka 1994an atxilotu zuten, Ertzaintzarekin izandako tiroketa baten ondoren. Tiroketa hartan, Lurdes Txurruka larriki zauritu eta Angel Irazabalbeitia soraluzetarra hil egin zen. 

Lurdes Txurruka kartzelaratu egin zuten, besteak beste, ETAko kide izatea leporatuta, eta 21 urte eman zituen preso. Parot doktrina ezarri zioten Txurrukari, baina Europako Giza Eskubideen Auzitegiak neurria bertan behera utzi eta zigor kontaketa egin ondoren, 2015eko martxoaren 24an aske laga zuten.