Jaietako azken eguna ospatu zuten atzo Errekalden, hiru eguneko jai arrakastatsuei amaiera emanez. Eguerdian, erraldoien konpartsak kalejira egin zuen auzoan Ozeizia eta Olaondo erraldoiekin, buruhandiak inguruan zituztela, herriko gaitero eta txistularien erritmora. Plazan egin zuten azken koreografia eta jendeak gogotik txalotu zuen.
Ostean, herritarrak langostinoak jaten ziharduten bitartean, Urrats dantza taldeko dantzazaleek Plaza dantzak dantzak dantzatu zituzten ume eta gaztetxoekin batera. Tortila lehiaketako irabazlearen izena eman zuten gero: Regina Maiztegi.
Jan-edanean eta musikarekin jarraitu zuten gero eta arratsaldean, jai batzordeko auzotarrek garbiketa lanak bideratu zituzten, "nekatuta baina pozik, aurtengoak ere jai jendetsuak eta ederrak izan dira eta".
Saritutako zenbakiak
Errifaren zozketan saritutako zenbakien berri ere eman dute: 1. Saria: 3675 zenbakia. Ordezkoa: 1607. 2. Saria: 0762. Ordezkoa: 3101.
Museko eta tuteko irabazleak
Bariku gauean, mus eta tute lehiaketak ere jokatu zituzten eta haietan hurrenez hurren, ondorengoak izan ziren irabazleak: Esther Cuz eta Miguel musean eta Altzubarrren eta Elorza tutean.