Soraluzeko bikoteak ordezkatuko du Debabarrena Gipuzkoako Masail Lehiaketan, bihar

Ubane Madera Zangitu

Iñaki Iñarra eta Abel Olaizola pozik, txerri-masail lehiaketa irabazi ondoren, ekainean.

Bihar, eguaztena, Gipuzkoako Masail Lehiaketa jokatuko da, Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsiodunen Agijupens elkarteak antolatuta. Lurraldeko eskualdetako ordezkariak izango dira lehiakide. Debabarrenaren kasuan, Soraluzeko Itxaropena Erretiratuen Elkarteko masail lehiaketan irabazle izan ziren Iñaki Iñarra eta Abel Olaizola izango dira sukaldari. Arrasaten jokatuko dute biharko finala.

Bihar, 10:30ean hasiko da Gipuzkoako Masail Lehiaketa, Arrasateko Musakola auzoko erretiratuen elkartean. Bost bikote iritsi dira sukaldaritza lehiaketako finalera, tartean, baita Debabarreneko ordezkaritza ere. Hain zuzen, Soraluzeko Itxaropena Erretiratuen Elkartean, ekainean jokatu zen masail lehiaketa, eta, hura irabazi zuten Iñaki Iñarrak eta Abel Olaizolak ordezkatuko dute Debabarrena.

Halako lehiaketetan ohi denez, lehiakide-sukaldariak elkartu eta osagai berberak emango dizkiete masail lehiaketa prestatzeko. Bazkalordurako bukatu beharko dute jarduna, epaimahaiak -eskualde bakoitzeko ordezkari banak- bazkalaurretik dastatu behar baititu platerak, gero txapeldunak izendatzeko. Gero, Musakolako elkartean bazkalduko dute elkarrekin lehiaketako partaideek, hango juntakideek eta Agijupens elkarteko ordezkariek, besteak beste.

Hain justu, Agijupens elkarteak, Gipuzkoako Jubilatuen eta Pentsiodunen elkarteak antolatzen du Gipuzkoako Masail Lehiaketa. Aurten 20. edizioa izango du eta emandako xehetasunen arabera, finala herriz herri aldatu egiten dute urtero.