Atzo, EAEko gobernuarekiko oso kritiko azaldu ziren pentsioen aldeko elkarretaratzean. Salatu zuten pentsiodunendako “osagarri bat ezartzeko” Legebiltzarrean “eztabaidari betoa” jarri ziotela orain dela urtebete “Eusko Jaurlaritzak eta PSE-EE, EAJ eta VOX talde parlamentarioek”.
Legezko betebeharra bete barik
Jakinarazi zuten, halako kasuetan, legeak dioela “herritarren ekimen bat ez onartua izan denean Administrazioaren aurrean eskaera bihurtu ahal izango dela”, eta, esan zuten maiatzean halaxe egin zuten arren, oraindik ez dutela “inolako erantzunik jaso, nahiz eta espresuki ebazteko legezko betebeharra izan”.
Halaber, gogora ekarri zuten “Euskal Autonomia Erkidegoko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak” badutela pentsioekin lotutako eskumena, “baina adineko pertsona zaurgarriak direnean ihes” egiten dutela esanez “estatuaren eskumena dela”.
"Gezur kanpaina"
Bestalde, hainbat hedabide pentsioen sistema publikoaren kontra egiten ari diren “gezur eta propaganda kanpaina” ere salatu zuten atzoko elkarretaratzean. Euren mezuetan diote “pentsiodunen eta lanean ari diren langileen arteko proportzioa gero eta txikiagoa dela, pentsioak soldaten gainetik igotzen ari direla eta gazteek baino gehiago kobratzen” dutela. Pentsiodunen mugimendutik uste dute kanpaina hori dela “pentsio publikoen sisteman atzerakadak eta murrizketak justifikatzeko eta langileekin, bereziki gazteekin, zatiketak sortzeko”.
Mezu horri kontra eginez, gogora ekarri zuten “Estatu espainiarrean 4 milioi eta erdi pentsio kaskar” daudela, eta “EAEn eta Nafarroan 220.000”; halaber, gaineratu zuten, besteak beste, bai pentsioetan eta baita soldatetan ere, “erosahalmen galera nabarmena” izango dela aurten, “KPIa azken hilabeteetan igotzen” ari delako. Adibide modura, esan zuten abuztuan %4,3an kokatu dela, eta pentsio gehienak, berriz, urtarrilean eguneratu zirela %2,7ko igoerarekin.