Debabarreneko ordezkari soraluzetarrak laugarren Gipuzkoako Masail Lehiaketan

Ubane Madera Zangitu

Abel Olaizola eta Iñaki Iñarra ardo botila bana sari modura jaso berritan. Argazkiak: Gustino.

Atzo, eguaztena, Gipuzkoako Masail Lehiaketa jokatu zen Arrasaten. Bederatzi bikote izan ziren lehian, tokian tokiko eskualdeetako ordezkariak. Debabarrenaren izenean, Iñaki Iñarra eta Abel Olaizola soraluzetarrak izan ziren partaide eta laugarren sailkatu ziren. “Esperientzia polita” iruditu zitzaien, “saltsaren bila etorri gara, eta masailak saltsan egin behar zirenez, denok saltsan ibili gara”, kontatu du umoretsu Olaizolak.

Atzo, 10:30erako elkartu ziren Arrasateko Musakola auzoko erretiratuen elkartean, Gipuzkoako Masail Lehiaketako finala jokatzeko. Bederatzi bikote ziren lehiakide, tokian tokiko eskualdeetako ordezkari: Debabarrena, Debagoiena, Urola Garaia, Goierri, Tolosaldea, Bidasoaldea eta Buruntzaldea.

Masailak saltsan kozinatzeko osagaiak eman, guztiei denbora-tarte bera ezarri eta kozinatzeari ekin zioten bikoteek. Eguerdirako bukatu beharra zuten, epaimahaiak bazkalaurretik puntuatu behar baitzituen masailak.

Gero, elkarrekin bazkaldu zuten guztiek. Partaideak, epaimahaikideek eta antolakuntzakoek, 30-35 lagun bat lagun inguruk. Menua izan zen lehiaketako masailak, eta, hartara, guztiek probatu ahal izan zituzten errezeta guztiak.

Bidasoaldea irabazle

Olaizolaren esanetan, denak ziren oso antzerakoak, “oso zaila zen jakitea zein zen onena”, kontatu du, “oso-oso antzerakoak” ziren, “material berdinarekin prestatuta, denbora berdinarekin eginda…desberdintasunak markatzea oso zaila da”, esplikatu du.

Azkenean, bazkalostean jakinarazi zuten podiuma zein izan zen: 1. Bidasoaldea, 2. Goierri, 3. Buruntzaldea, 4.Debabarrena, 5.Debagoiena, 6.Tolosaldea eta 7. Urola Garaia. Soraluzetarrei ardo botila bana eman zieten sari.

Abel Olaizolaren esanetan, “esperientzia polita” izan zen atzokoa, bereziki, ezagutu ahal izan zutelako lurraldeko jendea. Osterantzean, aditzera eman duenez, saltsaren bila etorri gara, eta masailak saltsan egin behar zirenez, denok saltsan ibili gara”.