Hasi dira ipuinak entzuten Soraluzen, bihar ospatuko den Munduko Ipuinen Egunaren bueltan

Ubane Madera Zangitu

Bihar, Soraluzen, Munduko Ipuinen Eguna ospatuko da, eta, horren bueltan, gaur, barikua, Mesedeetako Egoitzako egoiliarrek izan dute ipuin kontakizuna. Hain zuzen, Plaentxi Eskolako LH6ko ikasleak joan zaizkie eta Shel Silversteinen Arbola eskuzabala ipuina irakurri diete, ikasleek eurek egindako ilustrazioek lagunduta. Bihar, berriz, egun beteko egitaraua prestatu dute Munduko Ipuinen Egunerako.

Berritasunekin dator bihar, zapatua, ospatuko den Munduko Ipuinen Egunaren III. edizioa, hasiera eta bukaera bereziekin. Topaketari hasiera emateko, txotxongilo tailerra izango da.

Bukaera emateko, berriz, helduentzako ipuin-kontaketa musikatua egingo dute.

Txotxongilo tailerra

Txotxongilo tailerrari dagokionez, TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentro entzutetsuak emango du, Bokoien munduan barna izenburua du eta 5 urtetik gorako neska-mutikoek parte hartu ahal izango dute, heldu batek lagunduta. Doakoa izango da, 11:00etan, gaztelekuan.

Tailerra hasteaz bat, Plaza Barrixan bere txokoa jarriko du Udal Liburutegiak, 11:00etatik 14:00etara bitartean, munduko hainbat txokotako istorioak denen eskura jartzeko.

Osterantzean, eta ipuin kontakizunen harira, "mugaz gaindi eramango dute ipuinek entzulea, gertuko zein urruneko txokoetara", esan dute antolatzaileek; halaber, adin guztietarako aproposak direla ere azpimarratu dute.

Hiru ipuin

Hiru hitzordu egin dituzte. Alde batetik, "Japoniako ipuinak ekarriko ditu Ines Bengoak, antzinako eta gaur egungo istorioak. Kontalariak egurrezko kutxatxo baten barruan sartzen diren irudiez lagunduta josiko du narrazioa". Ikusi, entzun eta parte hartzeko emanaldia izango dela iragarri dute. 13:00etan da hitzordua, eliz atarian.

Bestetik, "Gales lurraldeko kondaira zaharrak kontatuko ditu Roanna Larsenek. Herensugeak, lakuak, mendiak, fantasiazko izakiak eta pertsonaia bereziak izango dira protagonistak. Istorioak ingelesez eta euskaraz kontatuko ditu, eta kantuan jarriko ditu entzuleak". Bigarren hitzordu hori 18:00etan hasiko da; hori ere, eliz atarian.

Eta hirugarrenik, helduentzako ipuin-kontaketa izango da. Hitzorduari giro intimoa eman nahi izan diote, eta kaperan egin dute hitzordua, 19:30ean. Han, Ongi Etorri tabernan eta bertan entzuten diren istorioetan murgilduko dira entzuleak, Ameli protagonistaren eskutik, eta musikaz inguratuta.

Pil-pilean Euskaltzaleen Elkarteak, Udaleko Kultura batzordeak eta Udal Liburutegiak elkarlanean antolatu dute Munduko Ipuinen Eguna. Esplikatu dutenez, oro har, Soraluzen dagoen "hizkuntza aniztasunari aitortza" egin nahi diote ipuinen bitartez ere; halaber, "herritarren zein hizkuntza komunitateen arteko hartu-emanak ahalbidetzea bultzatu eta ipuinen balioa" ere sustatu nahi dute.