Gazte Koordinadora Sozialistak, GKSk deituta egin zuen atzoko ekitaldia Soraluzeko gaztetxean. Oro har, gaur egun gizartean indartzen ari diren mezu, jarrera eta jokabide faxistak salatu zituzten, “baita Euskal Herrian ere”.
Batetik, estatuen autoritarismoa salatu zuten, esanez, “herria eraiki” nahi dutela “beldurrarekin”. Testuinguru horretan, kameren ugaritzea, karga polizialak, katxeo aleatorioak eta halako neurriak salatu zituzten.
Ekonomikoki egoera geroago eta jasangaitzagoa dela adierazi zuten, etxeen alokairuen prezioak, etxeak erosteko ezintasuna, erregaien prezioen gorakada… “Betikoak aberasten ari dira, eta gu beti pobre”, esan zuten. Adibide modura jarri zuten asteon Madrilen egin duten Maricarmenen, 87 urteko bizilagunaren, etxegabetzea. “Bati gertatu zaiona beste batzuri ere gerta dakieke”, esan zuten.
Faxismoa goraka
Bestetik, adierazi zuten faxismoa dela “autoritarismoaren aurpegirik gogorrena”, eta politikoki zein kalean faxismoa goraka doala gogorarazi zuten.
Politikoki, Alemanian ultra-eskuma izaten ari den gorakada, edo Espainian, VOXen eskutik izaten ari dena jarri zuten adibidetzat. Oro har, uste dute politikan eskumako mezuak indartzen ari direla, bai alderdi politikoen diskurtsoetan zein hartzen ari diren neurrietan ere, eta uste dute, egoera hori ezin dela normalizatu.
Arrazakeria, indarkeria matxista…
Kalean, berriz, “ideia erreakzionarioak normalizatzen” ari direla nabarmendu zuten, bereziki, arrazakeria. Adibide modura gogora ekarri zuten Ceutan etorkinen kanpin-dendak erre dituztela, haietako hainbati palizak ematen ari direla eta beste. Gertuago etorrita, Donostian Afari Solidarioak debekatu izana edo migrante bat balinekin tirokatu izana jarri zuten adibide modura.
Hirugarrenik, salatu zuten “indarkeria matxista handitzen ari den garaia” ere badela oraingoa.
Eta, besteak beste, salatu zuten, halakoei aurre egiteko prest daudenak jasaten ari diren kriminalizazioa, adibidez, Iruñerrian aste honetan atxilotu dituzten zortzi gazteak. Eta gogoan izan zuten ere ekainaren 22an Santurtzin atxilotu eta gero ospitalean hil zen Ander Saenz, 30 urteko gaztea.
Antolatu eta elkartzeko beharra
Horregatik guztiagatik uste dute “orain dela momentua” gazteak elkartzeko, indarrak batzeko eta modu kolektibo eta antolatuan” aurre egiteko, “betebeharra bihurtu da egoerari aurre egitea; oraintxe dago antolatu beharra”.
Halaber, uste dute horretarako aukera aproposa izan daitekeela urriaren 9tik 12ra bitartean Elizondon egingo den Gazte Topagune Sozialista. “Alternatiba sortzeko garaian gaude eta, horregatik antolatu dugu Gazte Topagune Sozialista, faxismoari buruz hausnartzeko, elkar entzuteko, indarrak batzeko eta erantzun kolektibo bat emateko etxebizitzen arazoari, faxismoari, autoritarismoari… ”.
Ildo horretan, jakinarazi zuten, besteak beste, urriaren 11n manifestazioa egingo dutela, Faxismoaren eta Estatuen Autoritarismoren aurka Gazte Langileok Sozialismoa eraiki! lelopean.
Hori horrela, herriko zein eskualdeko gazteak topagunera gonbidatu zituzten, “ez dago zertan lau egunetarako joan, egun bakarrerako ere joan daiteke”, esan zuten. Eta jakinarazi zuten autoak antolatuko dituztela hemendik hara joateko, baita egun bakar horietarako ere.