Urteurren borobilarekin eta ganaduaren presentziarekin dator Gaztañerre Azoka

Ubane Madera Zangitu

Aurten, urteurren borobila beteko du Gaztañerre Azokak, XXX. edizioa izango baitu. Ohi denez, azaroko bigarren zapatuan ospatuko da, beraz, azaroren 14an tokatzen da. Joan den astean egin zuten baserritarrek, Debemenek eta Udalak aurtengo azoka antolatzeko batzarra. Ohiko osagaiak izango ditu, berriak ere bai, eta, aurten, ganadua ere izango da. Iaz, debekatuta izan zen.

Zenbaki borobilarekin eta ganaduaren presentziak ematen dion osotasunarekin dator aurten XXX. Gaztañerre Azoka. Hasita dira hura prestatzen. Besteak beste, joan den eguenean batzarra egin zuten udaletxean dozena bat baserritarrek eta Debemeneko eta Soraluzeko Udaleko ordezkariek, Unai Larreategi alkatea tarteko.

Hain justu, ganaduaren gaia izan zen landu zutenetako bat. Iaz, Eusko Jaurlaritzak debekatu egin zuen ganaduaren presentzia azoketan, Dermatosi Nodular Kutsakor gaitza zabal ez zedin. Aurten, berriz, ez dago debekurik indarrean, eta beraz, behiak, txahalak, astoak eta bestelakoak ere izango dira Gaztañerre Azokan, esan zutenez, 30 burutik gertu.

Osterantzean, iaz postuak ipini zituzten baserritarrei aurtengo azokan parte hartzeko gonbidapena bidali zaie, eta, ortuko produktuak eta bestelakoak ipiniko dituzte. Hori bai, sikateak markatutako eskaintza izango dela ohartarazi zuten nekazariek.

Horrez aparte, aurtengo omenduak, gonbidatuak eta bestelako osagaiak lotzen ere ari dira. Adibidez, Gaztañarre Azokaren testuinguruan, Jakoba Errekondo agronomo eta paisajista entzutetsua izango da Soraluzen, Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian bere liburua aurkezten. Hori, baina, abenduan izango da.