Etxeratek deituta, barikuan, 50 bat herritar elkartu ziren Plaza Barrixan “gehiegi luzatu den euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidearen alde, eta, konponbidearen eskutik, elkarbizitza agertokien eraikuntzaren alde”.
Testuinguru horretan egindako irakurketan, azpimarratu zuten auzi horrek “sufrimendu izugarria eragiten jarraitzen” duela, “zenbait eragile eta lobby mediatikok mendeku gosez jarraitzen” dutela eta hori guztia “oztopo” dela “sufrimenduari amaiera eman eta enpatiaz, jasandako sufrimenduak aitortuko dituen herriarentzat”.
Hori dela eta, berretsi egin zuten “konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren lanean” segituko dutela, eta esan zuten bide horretan “ekarpenak” egiten segituko dutela urtarrilaren 9an Bilbon egingo duten manifestaziora bitartean.
“Argi eta garbi dugu zein den Helmuga: biolentziaren biktimak aitortuak izango diren eta euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari konponbide bat eskainiko dion herria. Bide horretan aurkituko gaituzue lanean aurrerantzean ere”, esan zuten.