Aurreikuspena da azaroaren erdialderako bukatzea Plaza Zaharreko harmaila berria

Ubane Madera Zangitu

Plaza Zaharrean harmaila berria eraikitzeko obrak azken txanpan sartu dira. Joan den astean, zorua pikatzen ibili ziren eta kendu zuten hango petrila eta baranda, esparru dena bateratzeko. Harmailari dagokionez, haren bukaeran, ibai-ondoan, egurrezko tarima ipiniko dute. Eta goian, Batzokiaren ondoan, berriz, miradore bat.

Bosark Arkitekoak enpresako Borja Idiakez obra-zuzendariak emandako azalpenen arabera, galtzada-harri grisez estaliko dute harmaila aurreko plazako zorua. Hori egin aurretik, baina, ibai ondotik gora egingo dituzte falta diren lanak. 

Batetik, ibai ondoan, harmailaren amaieran, 60-70 m2-ko egurrezko egitura ipiniko dute. Bestetik, goiko aldean, Batzokiaren ondoan, 24 m2 inguruko miradore bat eraikiko dute, baranda batez inguratuta. Miradoreak egurrezko zoladura izango du, eta altzairuz eta hormigoiz egindako egitura.

Eta, hirugarrenik, besteak beste, harmailaren eskaileraren ezkerraldean baranda bat jarriko dute. Aurreikuspenen arabera, obra osoa Gaztañerre Azoka Egunerako bukatuko dute; azaroaren erdialderako, beraz.