Lodosako txangorako izen-ematea abiada bizian, eta gisatu bazkarirakoa zabaltzear Itxaropenan

Ubane Madera Zangitu

Urriaren 30ean egingo dute aurtengo gisatu lehiaketa eta ondorengo bazkaria Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Bertatik jakinarazi dutenez, urriaren 6an zabalduko dute bazkarirako izen-ematea, eta, urriaren 27ra arte, edo leku guztiak bete arte egongo da zabalik. Halaber, gisatu lehiaketarako izen-ematea beteta dago. Bestalde, urriaren 14an Lodosako txangorako lehen autobusa beteta dago eta bigarrenerako dagoeneko 38 lagunek eman du izena. Bihar ere eman ahalko da izena.

Urriaren 30ean, 14:00etan egingo dute gisatu bazkari preziatua Itxaropena Erretiratuen Elkartean. Urriaren 6an zabalduko dute izen-ematea eta 70 lagunendako lekua gordeko dute, asko jota 90 lagunendako aforua baitago. Bazkaltiarrei lehiaketako sukaldariak eta udal ordezkariak batu behar zaizkiela kontuan hartuta ezarri dute 70 lagunen muga hori.

Eta hain justu, leku horiek bete arte edo bestela, urriaren 27ra arte izango da izen-ematea zabalik. Datorren martitzenean zabalduko dute izen-ematea, urriaren 6an. Itxaropena elkartearen bulegoan eman behar da izena, martitzenetan edo eguenetan, 11:00etatik 12:00etara.

Lehiaketa beteta

Bazkariko protagonista gisatu lehiaketako emaitza izango da, noski. Hura goizean kozinatuko dute, Itxaropenako terrazan jarriko dituzten sutegietan. Eta lehiaketa egiteko gutxieneko zortzi bikoteek dagoeneko eman dute izena.   

Lodosarako bigarren autobusa

Bestalde, urriaren 14an Lodosara egingo duten txangorako izen-ematea abiada bizian doa. Zuzendaritzatik kontatu dutenez, joan den astean zabaldu eta hiru ordu laurdenera bete egin zen lehen autobusa, eta bigarrenerako 15 lagunek eman zuten izena. Atzoko izen-emate berriak batuta, dagoeneko 38 lagunek eman du bigarren autobuserako izena. Bihar, eguena, bulegoa zabalik izango da eta orduantxe ere eman ahalko da izena, bigarren autobusean 55 lagunendako lekua baitago. 

Urriaren 14an, 09:00etan irtengo dira Soraluzetik Lodosarantz; han Conservas Peron bisitatuko dute, bazkaldu eta gero, Logroñon pasatuko dute arratsaldea. Prezioa da 50 euro.