Ordenantza fiskalei dagokienez, atzoko udalbatzarrean Udal Gobernuak proposatu zuen %3ko igoera aplikatzea datorren urteko udal zergei eta tasei.
Unai Larreategi alkateak esplikatu zuenez, ohituraz, hura proposatzeko abuztuko KPIren indizea hartu izan dute aintzat.
Zaborraren tasa, baxuagoa
Ordenantza horietan izango diren salbuespenei dagokienez, berriz, zaborraren tasa izango da horietako bat, urtero izaten den bezalaxe. 2027aren kasuan, igoera orokorra baino baxuagoa izango da, eta %2,6koa izango du, "Debabarreneko Mankomunitatetik datorren igoeraren ehuneko" bera.
Elkarte gastronomikoak aparte
Eta zaborraren tasa horretan ere, salbuespenak ezarriko dituzte. Besteak beste, elkarte gastronomikoek edo txokoek tarifa berriak izango dituzte. Tarifa horiek bazkide kopuruaren arabera ezarri dituzte. "40 bazkide arteko elkarte kulturalak, artistikoak, musikalak, gastronomikoak, txokoak edo antzeko ezaugarriak dituzten lokalek" 130 euro ordaindu beharko dute zabor-tasan eta 40 bazkidetik gora dituztenek, berriz, 180 euro.
Larreategik esplikatu zuenez, gai horri buruz debatea izan dute urtean zehar. Orain arte, elkarteak tabernen maila berean zeuden sartuta zaborraren tasari dagokionez; baina herritarren eskaerak entzun eta udal ordezkaritza duten alderdi politikoen arteko adostasuna ikusita, erabaki dute epigrafe berezitua behar dutela elkarteek.
Halaber, uste dute, elkarte bakoitzaren bazkide kopurua ere badela haiendako tasa zehazteko beste berezitasun bat. Eta hala, epigrafe eta tasa berezituak izango dituzte txokoek 2027tik aurrera. "Herritarrek jarritako debatea eta sortzen denaren araberako ordainketaren filosofia aintzat hartuta egin dugu proposamen hori", esplikatu zuen alkateak.
Zorrak kitatuta
Horrez aparte, bi egokitzapen egin dituzte ordenantza fiskalen araudian.
Batetik, gaitasun ekonomikoarengatik tarifa murriztuak eskuratzeko dauden baldintza ezinbestekoei gehitu diete Udalarekiko ordainketa-betebeharrak egunean izatearen betekizuna, bestela esanda, Udalarekin dituzten zorrak kitatuta izan behar dira zergetan murrizketak eskatu ahal izateko. "Eskubideak eta betebeharrak eskutik joan behar dira. Prest gaude jendeari laguntzeko, baina betebeharrak bete egin behar dira", azaldu zuen Larreategi alkateak.
Bestetik, egonaldi turistikoen gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskala ere onartu zuten, tasa turistikoa. Hori, Foru Araua da berez, herri guztietan aplikatu beharrekoa. Edozelan ere, gaur gaurkoz, Soraluzen ez dago halako eskaintza turistikorik, eta balego, %100ean salbuetsita egongo litzateke.
Azkenik, Ondasun Higiezinen Gaineko zergari dagokionez, EAJ-PNVk azken orduan sartutako proposamena aztertzeko astirik ez zutela izan-eta, debate hori datorren urterako laga zuten.
2027rako ordenantza fiskalak EH Bilduk osatutako Udal Gobernuaren eta oposizioko PSE-EEren aldeko botoekin eta oposizioko alderdi nagusi EAJ-PNVren abstentzioarekin onartu ziren.
Behin puntua onartuta, udal talde politikoek nork bere botoaren gaineko azalpena eman zuten.
EAJ-PNV: "Oposizio eraikitzailea"
Hala, oposizioko alderdi nagusi den EAJ-PNVren izenean Iker Aldazabal bozeramaileak ordenantza fiskalen defentsa egin zuen, esanez, "Udalaren diru-sarrerak eta, ondorioz, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoak finantzatzeko ezinbesteko tresna" direla. Alderdiaren abstentzioari buruz, azaldu zuen, besteak beste, "oposizioan egon arren, EAJ-PNV udal taldea ez dela oztopo izan 2025- 2026 eta oraingoan 2027ko ordenantza fiskalak onartzeko. Gure abstentzioaren bidez, Udalaren ohiko funtzionamendua eta herritarri eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoen finantzaketa bermatzeko beharrezkoak diren udal baliabideak ez oztopatzea izan da gure jarrera".
Jeltzaleen bozeramaileak "argi" utzi nahi izan zuen, orokorrean, euren "oposizioa egiteko modua eraikitzailea, arduratsua eta proposatzailea" dela; halaber, gaineratu zuen jarrera hori ordenantza fiskalen inguruan ez ezik "udal aurrekontuen proiektu desberdinen inguruan ere" erakutsi dutela, eta bide horretan segituko dutela.
Egoera ekonomikoa aintzat
PSE-EEko Patricia Borinaga bozeramaile sozialistak, berriz, baleko eman zuen ordenantza fiskalei aplikatuko zaien igoera abuztuko KPIak ezarritakoa baino murritzagoa izatea, kontuan hartuta zelako eragina duten "kanpoko faktoreek" igoera horretan. Borinagak gaineratu zuen, besteak beste, ez zutela nahi igoera hori dena herritarren gain aplikatu. %3ko igoerarekin Udalaren diru-sarrerak bermatzen dira eta ez da KPIaren igoera hori guztia herritarren bizkar jartzen".
Halaber, adostasuna erakutsi zuen ere elkarte gastronomikoekiko ezarritako salbuespenarekin. Borinagak gogora ekarri zuen PSE-EEk eraman zuela gai hori udaletxera; mozioa aurkeztu zuen elkarteak zaborraren tasatik salbuetsita gera zitezen eskatzeko, "maximoetara joan ginen". Orain, elkarteendako ezarritako epigrafe eta tramu berezituen formularekin konforme geratu dira sozialistak, eta, eskertu egin zuen alderdien artean lortutako adostasuna.