Soraluze-Osintxu bidegorrian komun publikoak ipintzeko 100.000 euroko partida onartu zuten

Ubane Madera Zangitu

Zuloaga baserriaren azpiko berdegunean ipini nahi dituzte komunak. Argazkia: Google maps.

Atzoko udalbatzak kreditu aldaketa bat onartu zuen osoko bilkuran, 100.000 euroko partida bideratzea bidegorrian komun publikoak ipintzeko. Udal Gobernuaren proposamena da Zuloaga baserriaren azpiko zelaigunean jartzea, horrek ahalbidetuko bailuke komunek ur-saneamendura eta ur-fekalen sare orokorrera zuzeneko konexioa izatea.

Atzoko osokoak onartu egin zuen bidegorrian komun publikoak ipini ahal izateko 100.000 euroko partida bideratzea. Unai Larreategi alkateak esandakoaren arabera, herritarren “aspaldiko eskaera” da bidegorrian komun publikoak egotea, eta behin diru partida onartuta, nahiko luke “ahalik eta azkarren hasi” proiektua exekutatzen, “ea bada asmatzen den irtenbide egokia ipintzen”, adierazi zuen.

Udal Gobernuaren proposamena da komunak Zuloaga baserriaren azpiko zelaian ipintzea. Eskura dagoen lekua izateaz gainera, horrek ahalbidetuko luke komunek lotura izatea ur-saneamendura eta baita ere ur-fekalen sare orokorrera; ez Maltzagako komunek modura. Esan zutenez, Maltzagakoek ez dute halako konexiorik eta fosa-septikoa hustu egin behar izaten dute tarteka, komun haien mantenua zailduz eta haren kostua handituz.

Larreategi alkateak gaineratu zuen beste zenbait udalerritan Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-laguntasuna eman duela halako azpiegituretarako, eta hori ikusita, Soraluzeko Udalak bere aldetik pausoak emango dituela bide horretan,  “datorrena datorrela, ongi etorria izango da”, esan zuen.

Kokalekuaren jabetza

Bestalde, oposizioko buru Iker Aldazabal jeltzaleak komunen kokalekuari buruz galdetu zuen, jakin nahian lurzorua zeinen jabetzakoa den. Aldazabalen esanetan, lurzoru hura erosi aurretik, badago komun publikoak ipintzeko beste baleko kokagune bat: lekuan bertan apurtxo bat aurrerago dagoen negutegiaren partzelan. Jeltzaleak azaldu zuenez, lursail hori Soraluzeko Udalak erosita dauka, eta aukera legoke, Linazibarren egin zen moduan, han beste aisialdi-gune bat sortzeko, eta, bertan komun publikoak ipintzeko.

Alkateak erantzun zion esanez Zuloaga azpiko lursaila zeinena den argitzeko pausoak eman dituztela; berez, Ferrocarriles-ena izan zela eta gerora, udal jabetzakoak izatera pasatuta egon beharko litzatekeela, “nahiko ebidentea da gune horrek izaera publikoa hartu zuela, eta, komunendako leku ona da”. Edozein modutan, Larreategik gaineratu zuen inork haren jabetza erreklamatuko balu aztertuko luketela egoera.

Patricia Borinaga sozialistak, berriz, azpimarratu zuen guztiek ikusten zutela bidegorrian komunak ipintzeko beharra eta uste du Udal Gobernuak mahai gainean proposamen bat jarri badu izango dela baduelako azterketaren bat eginda. Halaber, gaineratu zuen espero duela Udalak dirulaguntza eskatuko duela “dagokion lekuan” eta esperantza erakutsi zuen azpiegituraren kostua “100.000 baino gutxiago” izan zedin.