Nagusien topaketa egin eta nagusiendako gida aurkeztu dute Soraluzen, Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren harira

Ubane Madera Zangitu

Gaur urriak 1 Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna da eta horren testuinguruan, goizean topaketa egin dute SAPAn, Soraluzeko Pertsona Nagusien Kontseiluak antolatuta. Han elkartu dira Mesedeetako egoitzako hainbat egoiliar, Pertsona Nagusien Kontseiluko hainbat kide eta Soraluzeko Udaleko ordezkariak. Besteak beste, Pertsona Nagusien Gida berria aurkeztu eta haren ale bana eman diete. Gidarekin lotuta, esan, udaletxeko harrera bulegoan eskura daitekeela.

Athlon Kooperatibako adituekin eta Plaentxia Kantuan taldearekin elkarlanean egin dute gaur goizeko topaketa SAPAn.

Jarduera fisikoa eginez hasi dira, Athloneko Anje Eskarza kirol orientatzaileak gidatuta. Segidan, "pertsona nagusiei herriko baliabide eta zerbitzuak modu erraz, ulergarri eta intuitiboan jakinaraztea" helburu duen gida aurkeztu eta ale bana eman diete. Azkenik, Plaentxia Kantuan taldeko kideen saioa entzun, eta elkarrekin hamaiketakoa egin dute.

Pertsona Nagusien Nazioarteko Egunaren harira, datorren asteko eguenean bingoa izango da Mesedeetako egoitzan 65 urtetik gorako edozein soraluzetarrei irekita; eta barikuan, berriz, Atxia Motxia belaunaldi arteko topaketa egingo dute kalean.

Informazio praktikoa

Gaur aurkeztu duten Pertsona Nagusien Gidari dagokionez, berriz, esplikatu dute haren helburua dela pertsona nagusiei herriko baliabide eta zerbitzuak modu erraz, ulergarri eta intuitiboan jakinaraztea. Baita harremanetarako kontaktu eta helbideen informazioa eskuragarri izan dezatela ere. Elebitan argitaratu dute.

Xehetasunen arabera, gidan daude jasota gizarte zerbitzuekin lotuta dauden aukerak, dauden laguntza ekonomiko desberdinen informazioa, osasun zerbitzu eta baliabide sanitarioak, berdintasun ikuspegitik nahiz indarkeria matxista jasanez gero dauden baliabideen berri ematen da, eta, aisialdi, kultura eta parte-hartzearekin lotutako baliabideen zein zerbitzuen berri ere ematen du.

Gidaren 100 ale argitaratu dituzte. Eta gaurko topaketako partaideei banatzeaz aparte, hala nahi duenak, ale bat eska dezake, besteak beste, udaletxeko harrera bulegoan. Herriko beste zenbait puntutan ipintzeko asmoa ere badute, beti ere soberakin kopuruaren arabera.