Atzoko jarduerari buruz helarazitako kontakizunean azpimarratutakoaren arabera, “interes eta asebetetze-maila handia sortu zuten entzuleen artean Baroja Collet artistaren azalpenek.
Segidan irakurgai jendartEKINetik landutako kronika:
“Aukera ezin hobea baliatuz, Baroja Collet artistak Oreka Art galerian duen erakusketara bisita gidatua egin dugu, egileak berak zuzenduta.
Saioaren hasieran, artistak erakusgai dauden artelanen inguruko gako nagusiak azaldu dizkigu, sormen-prozesua bere bizipen pertsonalekin etengabe lotuz eta lana gertuko ikuspegi batetik hurbilduz. Bisitak aurrera egin ahala, sormen eta ekoizpen-metodologiei buruzko azalpenek bertaratutakoen interesa handitzen joan dira eta asebetetze-maila handia sortu dute.
Modu oso grafiko eta dinamikoan, bideo-grabazioak eta artistaren adierazpenak uztartuz, grabatuaren teknikak ezagutzeko eta ulertzeko aukera izan dugu: bere konplexutasun teknikoa, artisau-lana, erabilitako tresnak zein materialak, jarraitutako prozesua… Antzinako hainbat arte-lan ikusteko aukera ere izan dugu.
Giro hurbilean egindako jarduera honek grabatuak ikusteko eta sentitzeko modua erabat aberastu du, bisita bera esperientzia benetan berezi eta hezitzaile bihurtuz”.