Herri sarrerako pintadari eta Mesedeetako egoitzako argindar sorgailuari buruz galdegin zuen Soraluzeko EAJ-PNVk osokoan

Ubane Madera Zangitu

Eguazteneko osoko bilkuraren amaieran, oposizioko EAJ-PNV alderdiak hiru gai mahai-gaineratu zituen. Batetik, iparraldeko herri sarerako pintadarekin lotuta, zibismo ordenantza betetzeko eskatu zion Udal Gobernuari, “herri txukun baten aldeko apustua egiteko”. Bestetik, Mesedeetako larrialdiko sorgailuaren egoerari buruz galdetu zuen, domekan itzalaldia izan zela gogora ekarriz. Eta azkenik, herriko aparkaleku beharren aurrean, Udal Gobernuaren plana zein den galdegin zuen. Batik bat, azken horrek eragin zuen eztabaida politikarien artean. (Azken gai hori segidako kronikan).

Iparraldeko herri-sarrerako pintadaren harira, zibismo ordenantzak dioena betetzeko eskatu zion EAJ-PNV alderdiko bozeramaile Iker Aldazabalek Udal Gobernuari. Ordenantza horren arabera, pintadak debekatuta daude eremu publikoetan; halaber, pintadaren bat dagoen kasuetan, Udalak eskumena dauka hura egin duenari garbiketa-gastuak ordainarazteko, isunaz aparte.

Herri sarrerako pintadak Etxebizitza negozioa eten dio eta LAB sindikatuaren sinadura du jarrita. Horren harira, Aldazabalek jakinarazi zuen uztailean “Estaziñoko markesina” eta “herri guztia papareztatu” egin zuela sindikatu berberak.

Iker Aldazabalek aditzera eman zuen herriaren hegoaldeko sarreran bi mural txukun egin diren moduan, herriaren iparraldeko sarrera txukuntzea ere nahi dutela, eta horixe eskatu zuen. Horretarako, uste dute Udal Gobernua pintada sinatzen duen sindikatuarekin harremanetan jarri beharko litzatekeela, eta zibismo ordenantzak dioena bete. “Ez dugu santziorik eskatzen, baina bai herri estetika mantentzea”, esan zuen Aldazabalek. Eta horrexegatik eskatu zuten “ordenantza aplikatzea, herri txukun baten aldeko apustua egiteko”.

"Arrazoi puntua ere badu"

Unai Larreategi alkateak erantzun zion txukuntasunaren kontuan egiten ari direla “ahalegina”, eta, ez dutela “sentsaziorik” herrian “kartel eta pintada neurrigabekeriarik” dagoenik. Bide horretan egiten ari diren lanketaren adibide modura, Larreategik gogora ekarri zuen, orain adibidez, udal ekimenez, jabe pribatuek ere badutela grafitiak garbitzeko eskaerak egiteko aukera. Markesinako kartelei buruz, erantzun zion uztailean bertan kendu zituztela.

Herri sarrerako pintadari buruz, berriz, alkateak esan zuen “arrazoi puntua” baduela pintadak dioenak, “niri ez dit sortzen arbuiorik. Ez dut justifikatzen, baina errealitatea ere bada gure herrian hori ere gertatzen ari dela”, esan zuen espekulazioari aipamena eginez.

Egoitzako argindar sorgailua

Bestalde, Iker Aldazabal jeltzaleak Mesedeetako egoitzako larrialdiko sorgailuaren egoerari buruz ere galdetu zion Udal Gobernuari. Gogora ekarri zuen 2024an egoitzako mendi magalean izandako luizian lurperatu zela sorgailua, eta, aurten Udalak mendi ezponda egonkortu badu ere, ez dutela sorgailuaren egoeraren berririk.

Aldazabalek gaia mahai-gaineratu zuen orain dela egun eskas, domekan, sei ordu pasako argindar itzalaldia izan zelako herriko zenbait puntutan. “Oraingoan ez da tokatu han -egoitzari erreferentzia eginez-, baina tokatu daiteke”, esan zuen.

Unai Larreategi alkateak erantzun zion egoitzako sorgailua konpontzera bidalita dutela orain dela hilabete, baina oraindik enpresak ez duela topatu oso ondo zer duen. “Gainean gaude. Lurrak konpondu diren moduan, ea hau ere bukatzen den. Jarraipena egiten ari gara, baina nahi den erantzunik ez dugu jaso oraindik”.