Herrian 2.000 ibilgailu daude erroldatuta eta 1.724 aparkaleku. Aparkaleku horien barruan daude sartuta garaje pribatuak gehi aparkaleku ofizialak. Datu horiekin mahai gaineratu zuen aparkalekuen gaia Iker Aldazabal jeltzaleak eguazteneko udalbatzarrean. Zera galdetu zuen oposizio-buruak: Ze irtenbide proposatzen du Udal Gobernuak horren aurrean? Testuinguru horretan, Aldazabalek Erregetxean lurrazpiko aparkalekua egokitzeko proiektuaren defentsa egin zuen.
Gaiak eztabaida eragin zuen oposizioko EAJko udal ordezkarien eta Udal Gobernuko EH Bilduko udal ordezkarien artean.
"Oreka antzeratsu"
Unai Larreategi alkateak, besteak beste, gaiari “testuingurua” jarri beharra dagoela esan eta Aldazabali erantzun zion aparkaleku beharra ez dela “oraingo kontua”. Gaineratu zuen azken urteotan erroldan ez dela egon kotxe igoerarik, eta, aparkaleku kopurua lehengo berbera dela, “oreka antzeratsu dago”.
Halaber, alkateak esan zuen “sentsazioa” duela azken urte eta erdian herrian egiten ari diren obrek eragindako gorabeherek badutela eragina aparkalekuetan, gaineratuz obra guztiak bukatu eta egoera asentatu ondoren nahi dutela ikusi zein den herriaren egoera aparkalekuen kontuan. Eta edozelan ere, aditzera eman zuen Udal Gobernuak baduela “aparkalekuen gaia buruan” eta horren erakusle dela SAPAn zein Txurrukenen egokitu berri dituzten 24 aparkaleku berri, “diru asko gastatu barik”.
Horrekin batera, Aldazabali esan zion aparkaleku-kotxe kopuruarekin lotuta emandako titularra, zenbakiena, testuingurutik kanpo emanda dagoela, “horrela esanda, badirudi gauero dabiltzala 276 auto herrian bueltaka aparkatu ezinda, eta ez da horrela”.
Zortzi urtean ezer ez
Larreategik gogora ekarri zuen Plan Orokorrak baduela jasota Olaldean eta SAPAn aparkalekuak egokitzea, eta Erregetxean lurrazpiko aparkalekua egiteak “txoke” egiten duela horrekin; gehitu zuen Erregetxeko aparkalekuak ez lukeela irtenbide errealik emango, bakarrik 60 aparkaleku libre berri ekarriko bailituzke “eta egoera antzerakoa litzateke”. “2015ean ere planteatu zenuten Erregetxeko proiektua; 2015etik 2023ra, zortzi urtez EAJ gobernuan egon arren -PSE-EErekin- gaia ez da mugitu”, esan zuen alkateak.
Bestalde, Erregetxeko proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa zalantzan jarri zuen, proiektua exekutatzeko “urte asko” beharko liratekeela esan zuen, eta gaineratu zuen Erregetxea “kondenatzea” litzatekeela, balizko bestelako erabilera batzuetarako. Halaber, EAJri aurpegiratu zion gai bera ateratzen dutela “hauteskunde bezperetan eta EAJ agintean ez dagoenean”.
"Premia handitu"
Erantzunari jeltzaleek erantzun zioten esanez aparkaleku beharra areagotu egin dela azken urteotan, oraingo eta orain dela zortzi urteko egoera ez dela berbera, orain "premia handitu" egin dela eta, horren ondorioz, besteak beste, autoak nonahi egoten direla aparkatuta, kasu askotan leku desegokietan. Jeltzaleek uste dute Erregetxeko lurrazpiko aparkalekuen proiektua dela “bideragarriena epe ertain-motzean”.
Hala, proiektu horren defentsa berretsi zuen Aldazabalek. Esan zuenez, “borondate politikoa baldin badago, epe motzean martxan ipin daitekeen proiektu bat da Erregetxekoa, beste biak -SAPA eta Olaldea-, berriz, “ez dira epe motzean egingo”. Hain justu, azken bi horien kostu ekonomiko handia ere nabarmendu zuen jeltzaleak, eta gogora ekarri zuen SAPA oraindik jabetza pribatukoa dela. Diru kontuekin segituz, besteak beste, Udal Gobernuak Erregetxeperako nahi duen erabilera anitzeko estalpearen proiektuak ere kostu ekonomiko handia izango zukeela adierazi zuen, Udalak ezingo zukeena bere gain hartu.
Aukera aztertzekotan
Erregetxeko proposamenarekin lotuta, berriz, sikiera, aukera aztertzeko eskatu zuen Aldazabalek: “Irtenbide magikorik ez dago, baina goazen begiratzera ea posible den. Bakarrik eskatzen dugu aztertzea aukera, baina lehen momentutik esan duzue ezetz. Goazen zenbakiak egitera”.
Azkenean, Erregetxeko aukera aztertzea onartu zuen Larreategik, aho txikiarekin bada ere.