Bihar, Edurne Egune silbotari bilkura egingo da Soraluzen

Ubane Madera Zangitu

Bihar, zapatua, topaketa bat estreinatuko da Soraluzen: Edurne Egune, silbotari bilkura. Aurtengo otsailean hil zen Edurne Orbea Basauri silbotariaren omenez antolatu dute eguna, eta helburua da haren lagunak elkartzea eta hark instrumentu kuttun zuen silbotearen erakustaldia egitea, "zein doinu goxoa duen erakusteko", esan du Diadar Txistulari Elkarteko Domentx Uzin txistulariak.

Bihar egingo den Edurne Eguneko partaide izango dira Bilboko Hamaika Buru Txistulari Elkarteko, Soraluzeko Diadar Txistulari Elkarteko eta Ondarroako eta Eibarko txistulari eta atabalari lagunak, elkarte eta herri horiexetan jarduten baitzuen Edurne Orbeak silbotari. 

Uzinek jakinarazitakoaren arabera, bihar, 11:00etarako egin dute hitzordua, eta silbotez eta perkusioz osatutako kalejira eta musika saioak egingo dituzte erdiguneko kaleetan zein txokoetan. Hamaika Buru elkarteko zuzendari Jasone Akizu txistulari profesionalak gidatuko ditu eta Txanbolin, Atiarno, Txingola, Saltokakoa, Polka Idoia… askotariko piezak eskainiko dituzte. Musikaldia borobiltzeko, elkarrekin bazkalduko dute.