Zapore bikaina laga du beste behin Marraskilo Tourrek

Ubane Madera Zangitu

Jendea oso zapore onarekin joan da gaur etxera edo bazkaltzera, Marraskilo Tour mendi ibilaldia egin ondoren. Eguraldi aldetik ezin hobeto tokatu da, eta antolaketa, betiko moduan, bikain joan da. Gainera, handituta etorri da ibilaldia, 47 lagunek egin baitute 35 kilometroko ibilbidea, eta, beste 168 inguruk 20 kilometrokoa. Mendizaleen artean, bertakoak zein bisitariak izan dira. Adibidez, etorri dira Ondarroatik, Zeanuritik, Bergaratik, Eibartik, Elgoibartik eta beste hainbat lekutatik ere bai. Eta gehienak izan dira errepikatzaileak. Eroriko bat izan da, hori bai, eta, itxituraren bat ondo itxi barik geratu da. Argazkiak: Iker, Jokin, Leticia, Aitor, Ane, Manex, Jone, Gorka, Lorea eta Ubane.

06:00etan, egunsentiaren aurretik, etxafuegoarekin batera irten dira 47 lagun frontala bekokian dutela ibilaldi luzea egitera. Gehienak gurutzatu dira gero ibilaldi laburra egiten zeudenekin bidean. Ez, ordea, ibilaldi hori korrika egin dutenek, horiek bizkor baino bizkorrago bukatu baitute, askok motza egin baino lehenago. Horien artean Jokin Muñoz izan da bizkorrena, 4,05’ean egin baititu 35 kilometroak.

Ibilbide motza, 20 kilometrokoa, berriz, 08:00etan abiatu da, hura ere puntu-puntuan, kanpaiekin eta etxafuegoa jaurtitzeaz bat. 168 bat lagun abiatu dira bigarren hitzorduan. Kasu horretan, izan da ere, ibilbide hori korrika egin duenik, eta, horien artean, Mikel Letu izan da azkarrena, 2,18 minutuan ondu baitu ibilbide osoa.

67 urte eta 7 urte

Osterantzean, partaidetzari dagokionez, 215 mendizale inguruk parte hartu dute; beteranoena izan da Mikel Valero, 67 urtekoa, eta, benjaminena, Julen Muñoz, 7 urtekoa, bizkorrena izan den Jokin Muñoz aitaren pausoen atzetik datorrela dirudi.

Partaide gehienak bertakoak izan badira ere, kanpotarrak ere batu dira Marraskilo Tourrera. Gutxi batzuk estreinakoz egin dute, eta bukatzean, esan dute ja datorren urtean errepikatu egingo dutela. Bisitari gehienak, berriz, errepikatzaileak izan dira, urteak baitaramatzate Marraskilora etortzen.

Erorikoa eta itxiturak

Gertakarien atalean, berriz, pare bat izan dira aipagarri. Batetik, antolaketatik ohartarazi dute itxituraren bat zabalik laga izanagatik kexua izan dela, eta, hori oso ondo zaindu beharreko kontua dela, kontzientziazioa behar dela. Eta jakinarazi dute ere, pertsona batek erorikoa izan duela Mendotzen; horrek bost saihets apurtu ditu.