Gaur bingoa eta bihar 'Atxia Motxia' belaunaldien arteko topaketa

Ubane Madera Zangitu

Gaur arratsaldean, eguena, bingo berezia egin dute Mesedeetako egoitzan, kanpoko bisitariekin. Joan den barikuan izan zen Pertsona Nagusien Nazioarteko Eguna, eta horren bueltan antolatu dute ekitaldia. Ildo beretik, bihar, Atxia Motxia belaunaldien arteko topaketa egingo dute. 10:00etan hasita, herriko hainbat txokotan elkartuko dira adineko herritarrak eta umeak eta jolas tradizionaletan arituko dira. Txokolate-jana eginez eta Plazentzia Kantuan taldekoen saioa entzunez borobilduko dute topaketa.

Gaurko bingoan, egoiliarrak lagun izan dituzte zenbait herritar, senide eta Itxaropena Erretiratuen Elkarteko zenbait kide. Sari eta guzti prestatu eta adi-adi ibili dira guztiak boletan azaltzen ziren zenbakiak entzuten, zeinek linea egin, zeinek bingoa kantatu. 

Biharko Atxia Motxia topaketari dagokionez, berriz, Soraluzeko Udalak azaldu duenez, "belaunaldi arteko harremanak sustatzea eta Soraluzeko garai bateko jolas zein abestien transmisioa egitea” da helburua.

Hala, Plaentxi Eskolako umeak, Mesedeetako Egoitzako egoiliarrak, eguneko zentroko erabiltzaileak eta pentsiodunen mugimenduko partaideak elkartuko dira. 10:00etan egin dute hitzordua eta herriko hainbat txokotan -elizpean, frontoian, plazan…- taldeak eratu eta garai bateko jolas tradizionaletan ibiliko dira. Txokolate-janarekin eta Plazentzia Kantuan taldekoen saioarekin borobilduko dute goiza.