Aurten ere, Gaztañerretako babajanak jende asko erakarri du. Horren adierazle, gaur, goizeko zazpi terdietara dozena bat herritar zain zeuden Iratxo goxodendaren atarian txartelak erosteko. Segituan agortu dira denak eta gainera, beste 30 pertsona daude itxaron zerrendan.
Iratxo goxodendako arduradun Itziar Agirrek azaldu duenez, "jende asko dabil Gaztañerretan bazkaltzeko leku bila eta ematen du ez dagoela behar besteko eskaintzarik. Jatetxeak eta elkarte gastronomikoak beteta daude. Azken egunetan, Asigor tabernakoak ere eskaini du lekua Gipuzkoako Etorbideko txabernan eta hango arkupeetan bazkaltzeko. Horrek lagunduko du baina, hala ere, ematen du eskaria handiagoa dela. Guk itxaron zerrendan apuntatuko ditugu jakiteko zenbat jende dagoen bazkaltzeko leku faltan eta hortik aurrera, herritar horiek edo beste norbaitek pentsatu beharko du beste zerbait antolatu ala ez".