Dotore luzitu zuten Sorako taldeek zelai berri-berrian

Ubane Madera Zangitu

Atzo, domeka, dotore ikusi zen Ezoziko Futbol Zelaia Soraluze Futbol Taldearen 2026-2027 denboraldiko aurkezpen ekitaldian. Berdegunea kolorez bizi-bizi zegoen, alfonbra bezain bigun, antzematen zitzaion berritasuna, eta, harro zelairatu ziren aurten herriko futbol kluba osatzen duten 11 ekipoetako jokalariak eta entrenatzaileak, 200 baino gehiago guztira.

Ezoziko Futbol Zelai berri-berria jokalariz eta gurasoz beteta zela egin zuten Soraluze Fubtol Taldearen 2026-2027ko aurkezpen ekitaldia atzo arratsaldean, domeka. Zuzendaritzako kide Iraultz Arluziagak egin zituen aurkezle-lanak.

Eskerrak emanez hasi zuen ekitaldia. Batetik, eskerrak eman zizkien herriko futbol zelaia obretan egon den bitartean, entrenatzeko eta jokatzeko euren zelaiak laga dituzten Eibarko, Bergarako eta Antzuolako udalei eta klubei.

Eta eskerrak eman zizkien ere Ezoziko Futbol Zelaia berritzea posible egin duten erakunde guztiei, “Soraluzeko Udalari, Gipuzkoako Aldundiari, Gipuzkoako Futbol Federazioari eta eskerrak Gipuzkoako gure talde handiari, Realari”.

Eguneroko lanaren garrantzia

Ondoren, besteak beste, Ezoziko Futbol Zelaian egunero-egunero egiten den lana goraipatu zuen Sorako zuzendaritzako ordezkariak. “Garrantzitsuena da astean futbol zelaian entrenatzaileekin egiten den lana, formatzen, baloreekin erakusten, hori da inportanteena. Partiduan denbora gutxiago pasatzen da entrenatzen baino, ez dezagun zapuztu asteko lana asteburuko partiduetan”, esan zuen.

Halaber, Arluziagak azpimarratu zuen ere klubak egiten duen ahalegina “aurten ere inor jokatu barik” ez geratzeko. “Horretarako beste talde bat atera dugu jubeniletan eta nahi izan duen guztiak aukera dauka Soraluzen jolastu ahal izateko”.

“Aipamen bat” ere egin zuen, hori bai, zelaitik kanpo izan diren “pare bat jarrera oso txar”; testuinguru horretan, adierazi zuen “nahikoa” dela: “Karteletan jartzen ditu mezuak, ondo irakurri eta kasu egin, laga bakean arbitroak, laga bakean aurkariak eta bakarrik animatu etxeko jokalariak, harmailetan egon lasai-lasai eta partiduaz gozatu. Kasu askotan arbitroek ez daukate ezta 18 urte ere, eta errespetuz tratatu”, esan zuen Arluziagak.    

200 lagun baino gehiago Soran

Azkenik, Arluziagak jakinarazi zuen aurten 185 jokalari inguru apuntatu direla klubean, eta, haiek denak entrenatzeko 25 entrenatzaile izango direla, “eurek barik ezingo litzateke entrenamenduak eta taldeak aurrera atera; eskerrak eurei”, esanez aurkeztu zituen, lehenengo entrenatzaileak, gero talde guztiak banan-banan eta azkenik guztiak batera.