“Hori da jokoan dagoena, edo inbertitzaileen eta errentarien kontuak gizentzen jarraitzen da edo langileok gure lanarekin sortzen dugun aberastasuna modu bidezkoan banatzen dugu”; halaxe esan zuten atzo, astelehena, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean.
Gaineratu zuten asmo horrekin joango direla urriaren 24an pentsiodunek Madrilen deitutako manifestaziora. “Pentsio Sistema Publikoaren kolapsoa iragarriz pribatizazioa eta murrizketa berriak eskatuz gezurretan ari direnak, PP eta VOX bezala, 2018an ez ziren pasa eta 2026an ere ez dira igaroko”.
Espainiako Gobernuari, berriz, eskatu diote aplika dezala pentsioetan KPI erreala, “galdutako eros-ahalmena ordainsari batekin konpentsatu urte amaieran, gutxieneko pentsioa LGS lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatu eta koefiziente murriztaileak ezabatu 40 urte edo gehiago kotizatutakoekin”.
Bestalde, esan zuten babestu egingo dutela azaroaren 11n soldata eta etxebizitza duinen alde deitutako greba orokorra, “pentsio duin eta nahikoen eskakizuna gehituz”.
Eta azkenik, azaroaren 29ko hauteskunde orokorrei begira, mobilizatzeko eta hautestontziak botoz betetzeko dei egin zuten, “guztion eskubideak bermatzeko, eta ez gutxi batzuen pribilegioak”.