Mari Carmen Zarrabe: “Zelako mina, bai lehen eta bai orain; ez genuke nahiko halakorik berriro ere sortzerik”

Ubane Madera Zangitu

Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak, Jose Garaikotxea, Ricardo Zangitu eta Rufino Akizu osintxuarrak faxistek fusilatu zituzten. Orain dela 90 urteko urriaren 20an izan zen hilketa, eta, hura gogora ekartzeko, atzo, domeka, omenaldi hunkigarria egin zieten Osintxun. Senide eta herrikide asko izan ziren bertan, soraluzetarrak tarteko. Hildakoekiko oroimenaz aparte, gertatutakoa gogoan eduki beharraren garrantzia azpimarratu zuten, bereziki, azken urteotan haizatzen ari diren “albiste kezkagarrien eta beldurgarrien” aurrean. Argazkiak: Goiena Komunikazio Taldea.

Osintxu eta Mekolalde artean fusilatu zituzten Tomas eta Ildefonso Iñarra anaiak, Jose Garaikotxea, Ricardo Zangitu eta Rufino Akizu osintxuarrak. 1936ko urriaren 20an izan zen. eta gertakari hura gogora ekartzeko, urtero egiten dute lore-eskaintza eta ekialdia Osintxun.

Bost urtean behin, berriz, urteurren borobila izaki, bereziagoa egiten dute eta halaxe egin dute aurten, urriaren 20an hasi eta atzora bitartean hainbat ekitaldi eginez. Adibidez, urriaren 20an bertan lore eskaintza egin zuten Osintxuko monolitoan eta bertan izan ziren Iñarratar familia, Tomas eta Ildefonso Iñarraren familia.

Iñaki Iñarra Alberdi lobak, besteak beste, salatu zuen hilketa “oso gogorra eta injustua” izan zela. “Zergatik guk dakigunetik, ez zeuken euren aldetik kulparik eta ezerrik”.

Iñaki Iñarra Zarrabe Tomas Iñarraren bilobak kontatu zuen zelan Parisen zeudela, amak aitaren etxera buelatu nahi izan zuen “zer dela-eta, geu ume ginen, eta gero enteratu ginen zergatik zen”.

Mari Carmen Zarrabe Tomas Iñarraren errainak, berriz, salatu zuen oraindik orain min hura bizi dagoela. “Zelako mina euren amarendako eta euren familiarendako, oso handia, bai lehen eta bai orain. Ez genuke nahiko halakorik berriro ere sortzerik. Asko sortu da, larregi, Euskal Herrian neurri barik”.

Eta besteak beste, omenaldiaren antolakuntzako kide Xabier Arregik azpimarratu zuen “gaurkotasun handiko gai bihurtu” direla gerrako pasarte horiek. “90 urte geroago ere munduan mugitzen diren haizeak, faxismoaren atzarraldia kontuan hartzekoa da, eta aurre egin behar zaio. Guk gure ekarpen xumea egiten dugu, bost lagun hauek oroitzea”.

Oroimen hunkigarria atzo

Atzo, domeka, berriz, ehun lagun baino gehiago elkartu ziren Osintxun, tartean, soraluzetar asko, eraildakoen senitartekoak, besteak bestek. Ekitaldian izan zen ere Bergarako alkate Gorka Artola. HEMENTXE KLIKATUTA Goiena Komunikazio Taldeak landuko kronika.

Eta HEMENTXE KLIKATUTA krimen hari buruz Goienan jasotako kontakizuna.

Erlazionatuak