24 kilo okela erosi dute Itxaropena Erretiratuen Elkarteko barikuko gisatu-lehiaketarako. Lehiakide-sukaldari izango dira zortzi bikote, honakoak:
- Lourdes Uzin eta Abel Olaizola
- Marian Begil eta Alberto Arizaga
- Avelino Benayas eta Luis Elortza
- Teo Ruiz eta Pedro Aldazabal
- Paki Mangano eta Mila Plata
- Mari Carmen Zarrabe eta Rosa Zabala
- Jose Ramon Fariñas eta Juan Inazio Barrutia
- Ezozi Perez de Heredia eta Rosa Etxeberria
10:00etan hasiko dira gisatua prestatzen, eguerdira bitartean. Bukatutakoan, epaimahaiak platerak probatu eta puntuatu egingo ditu gisatuak; bazkaltzera doazenen artean aukeratuko dituzte epaimahaiko kideak.
Bazkaria, sariak eta bingoak
Bazkariari dagokionez, berriz, 13:30ean zabalduko dituzte ateak eta 14:00etan hasiko da. Menuko gisatuak lagun izango du, postre modura Egotzako gazta eta menbrilloa, eta baita kafea eta edaria ere.
98 lagun eseriko dira mahaiaren bueltan. 70 bazkaltiar, gehi 16 sukaldariak, gehi juntako kideak eta bazkaltzen amaitzen dutenean sari-banaketa egingo dute, 16:00ak aldera. Bikote irabazleari Gisote lehiaketa 2026 esaldia duen amantal bana oparituko zaio eta 50 eurotan baloratutako poltsa bana. Eta parte-hartzaile bakoitzari, berriz, 30 euroko balioa duen poltsa.
Hiru bingo eginez borobilduko dute eguna.