Soraluzeko anbulatorioko zerbitzuei ere eragin liezaieke biharko grebak

Ubane Madera Zangitu

Bihar, barikua, osasungintzako greba-eguna dute deituta ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek, eta horrek, besteak beste, Soraluzeko anbulatorioan ere eragin lezake. Bertatik esan dutenez, jaso dute greba deialdia eta ohi denez, langile bakoitzak erabakitzen du harekin bat egin ala ez. Beraz, baliteke bihar hainbat zerbitzu ez egotea.

Falta diren zerbitzuen kasuetan, beharraren arabera, Eibarko ospitalean artatuko dituzte Soraluzeko pazienteak.

Biharko greba euskal sindikatuek osasungintzarako deitutako bost egunetako lehena da. Aldaketarik ezean, beste lau greba egun egingo dituzte abenduaren 9an, 10ean, 11n eta 14an.  

Gutxieneko zerbitzuak

Osterantzean, Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak zehaztu ditu ostiralerako. Honako hauek:

Ospitaleetan, jaiegunetako lantaldea izango da, baina bermatuko dituzte larrialdi-zerbitzuak, sukaldeak, janari-banaketa eta garbiketa-zerbitzua.

Dialisi-prozesuak eta aurrez programatutako minbiziaren kontrako tratamenduak %100ean bermatuko dituzte. Atzeratu ezin diren gainerako prozedurak ere egingo dituzte, atzeratzeak pazienteen bizitza edo osasuna arriskuan jar badezake. Horien artean daude onkohematologiako eguneko ospitaleen jarduera, hemodinamika, iktus-unitateak, zainketa intentsiboetako unitateak, neonatologia, erditzeak eta Giza Transfusio eta Ehunen Euskal Zentroaren jarduera.

Lehen Mailako Arretan, berriz, larunbatetako zerbitzuak emango dituzte. Osasun-erakunde integratuetako (OEI) telefono bidezko arreta-zerbitzuek, aldiz, ohiko langileen % 50 izango dute lanean.