Aurten ere jendetsu dator Soraluzetik Bergararako Antxintxika lasterketa

Ubane Madera Zangitu

Zapatu honetan, Soraluze eta Bergara artean jokatzen den Antxintxika lasterketaren XX. edizioa egingo dute. Iaz 400 bat lasterkarik parte hartu zuten, eta aurten antzerako kopurua izango du, tartean, baita soraluzetarrak ere. Etxaburuetatik abiatuko da lehen taldea, 16:30ean, eta 17:00etan azkena. Lasterketak eragina izango du inguruko hainbat aparkalekutan. Bestalde, bihar, barikua, Antxintxikaren eskutik, Bergaran Nutrizioa eta kirola indarrean mahai-ingurua izango da UNEDen, 18:00etan. Eta gero, social run egingo dute Ainara Uribarri eta Xabi Labakarekin.

Entzutetsua eta jendetsua da Antxintxika krosa. Aurten, 20 urte bete ditu, eta, indartsu segitzen duela bistakoa da. Atzorako, eguaztena, 350 lagun pasa zeuden izena emanda; eta kontuan hartuta lasterketaren bezperara arte eman daitekeela izena, 350 lasterkari baino gehiago izango dira zapatuan Etxaburueta kaleko irteera-puntuan; horien artean, soraluzetarrek ere talde polita osatuko dute, korrika gehienek, baina baita patinetan ere.

Hiru modalitatetan egin ahal izango da Soraluze-Bergara arteko ibilbidea, 10 kilometrokoa: esku bizikletan edo aulki gurpildunean (16:30), patinetan (16:45) zein korrika (17:00).

Etxaburuetan hasi eta bidegorritik joango dira lasterkariak Bergarara, hango San Martin plazaraino, bertan izango baitu helmuga Antxintxika lasterketak. 

Soraluzetarrak ere saridun

Antxintxikak sari ugari izaten ditu: lehen gizonentzat eta lehen emakumeentzat, talde onenentzat, patinatzaileentzat, esku bizikletan eta aulki gurpildunean onenentzat, baita soraluzetar bizkorrenentzat ere. Azken bi sari horiek, Soraluzeko emakumerik eta gizonezkorik bizkorrenak, Soraluzeko Udalak ematen ditu. Iaz, Vanesa Orozco eta Aitor Hernandez izan ziren soraluzetar azkarrenak. 

Lasterketa Etxaburuetan hasteak, besteak beste, eragina izango du han inguruko hainbat aparkalekutan. Udaltzaingoak ipini ditu ohartarazpen seinaleak eta hala jarrita dauden lekuetan, zapatuko 11:00etarako erretiratu beharko dira aparkatutako ibilgailuak. 

Bihar, mahai-ingurua

Bestalde, aurten, lasterketaren XX. edizio borobila dela-eta, antolatzaileek ekimen bereziak antolatu dituzte. Bihar, barikua, Bergaran Nutrizioa eta indarra kirolean izeneko mahai-ingurua izango da UNEDen, 18:00etan. Eta gero, social run egingo dute Ainara Uribarri eta Xabi Labakarekin, "opari eta guzti", esan dutenez. Debabarrendarrak ere gonbidatu dituzte bertara.