Kanposantuak zabalik ditu ateak datozen egunotako bisitariak hartzeko

Ubane Madera Zangitu

Atzo ezkero, eguena, kanposantua egun osoan dago zabalik, eten barik. Domekan izango den Domu Santu egunarengatik izango du ordutegi zabala, herritarrak bertara joan eta senideen hilobiak dotoretu edo bisitatzeko aukera izan dezaten. Domekara arte izango da hilerria egun osoan zabalik, domeka barne.

Dagoeneko jendea hasi da kanposantura joan eta senideen hilobiak zein kolunbarioak garbitzen eta txukuntzen; loreak, landareak eta bestelako apaingarriak ere jarri dituzte edo jarriko dizkiete ondoren.

Edozelan ere, atzoko -eguena- argazkietan ikusten denez, oraindik bisitari asko falta ditu kanposantuak. Azken momentura arte itxarotea nahiago dute askok, haizeak, euriak edo esku luzeek zapuztu ez ditzaten ipinitako apaingarriak. Horri gehitu behar zaio hildakoak kanposantuan hilobiratzeko ohitura asko makaldu dela urteotan, eta horrek ere eragiten duela apaingarrien gutxitze horretan.